Bigarren saria eta sormenarena hartu ditu Arriaga Arteren erakusleihoak
169 saltokik parte hartu dute Bizkaiko Erakusleihoen 32. Lehiaketan. Nusadua dendak irabazi du Bermeoko saria, eta Musutruk kafe antzokiak Gernika-LumokoaBilboko Merkataritza Ganberak antolatutako Bizkaiko Erakusleihoen Lehiaketako 32. edizioko lehen s...
169 saltokik parte hartu dute Bizkaiko Erakusleihoen 32. Lehiaketan. Nusadua dendak irabazi du Bermeoko saria, eta Musutruk kafe antzokiak Gernika-Lumokoa
Bilboko Merkataritza Ganberak antolatutako Bizkaiko Erakusleihoen Lehiaketako 32. edizioko lehen saria ez, baina bigarrena eta sormen onenarena irabazi ditu Markina-Xemeingo Arriaga Artek, Elkarrekin izeneko lanari esker. Bilboko Mil rosas loradendarentzat izan da lehenengo saria, eta Balmasedako Javi dekorazioak dendarentzat hirugarrena.Denetara, 30 udalerritako 169 saltokik aurkeztu dituzte lehiaketara Gabonen harira atondutako erakusleihoak, eta 62 izan dira banatutako sariak. Hala, hiru sari nagusiez gain, bestelakoak ere eman dituzte; eta, hain justu, Eusko Jaurlaritzako Garapen ekonomikoa eta Lehiakortasuna Sailaren Sormenari Saria jaso du Markina-Xemeingo Arriaga Artek. Udalen sariei dagokienez, Nusadua dendak hartu du Bermeokoak emandakoa, eta Musutruk kafe antzokiak Gernika-Lumokoak emandakoa.
Ikutu baikorra
Markina-Xemeingo Arriaga Artek urteak daramatza bere lanak lehiaketa horretara aurkezten, eta sari nagusia zein bestelakoak lortu izan ditu. Oraingoan, bi sariei esker, garaikur bi, 700 euro eta egunkari batean txertatzeko 30 publizitate modulo eskuratu ditu.
Ikusgarria da Arriaga Artek Gabonetarako prestatutako erakusleihoa. Jose Pablo Arriaga da Elkarrekin izeneko lanaren egilea, eta, hark azaldu duenez, eurentzako urtean zehar gertatutako gauzarik «garrantzitsuena» zein izan den pentsatu, eta berori islatzen du erakusleihoetan, baina «beti ikutu positibo bat emanez», ikusleak «hausnarketara gonbidatuz».
Aurtengo erakusleihora etorkinen gaia eraman nahi izan du Arriagak. Hala, iraulita dagoen eta barruan etorkinak dituen txalupa osatu du Jose Pablo Arriagak. Kristal batean proiektatuta hondartza bat ageri da, olatuen joan-etorriak sehaskatzen duen hareatza bat.
Egoera irauli
Kurbekin lan asko egin ohi du Arriagak, eta Elkarrekin instalazioan ere kurbak baliatu ditu txalupa apurtuta dagoela adierazteko. Gainera, okertuta dauden oholek egoera hori amaitzeko beharrizana dagoela uzten dute agerian. Izan ere, ohikoa duen ikutu baikorrari men eginez, txalupa bezala etorkinen katastrofea ere irauli egingo dela deritzo; egungo egoerari buelta emango zaiola, alegia.
Arriagaren instalazioari buruzko xehetasun gehiago www.josepabloarriaga.wordpress.com blogean edota youtuben aurki daitezke.