Iazkoa baino aurrekontu txikiagoa onartu du Etxebarriko Udalak
1,1 milioi euroko aurrekontua onartu dute. Nahiz eta adostasunak egon, EH Bilduk ezetza eman die 2016ko aurrekontuei «inbertsioetan akordiora heldu ez direlako»Abenduaren 17an egin zuten osoko bilkuran onartu zituen aurrekontuak, Etxebarriko Udalak, ...
1,1 milioi euroko aurrekontua onartu dute. Nahiz eta adostasunak egon, EH Bilduk ezetza eman die 2016ko aurrekontuei «inbertsioetan akordiora heldu ez direlako»
Abenduaren 17an egin zuten osoko bilkuran onartu zituen aurrekontuak, Etxebarriko Udalak, EAJ alderdiaren botoekin. EH Bilduk jakitera eman duenez, nahiz eta adostasunak asko izan, «inbertsioetan akordiorik lortu ez dutenez», ezetza eman diete 2016ko aurrekontuei.Guztira, 1.194.163 aurrekontua izango ditu udalak aurten, iaz baino txikiagoa. Baina, Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak jakitera eman duenez, inbertsioetarako diru gehiago egongo da. Aurrekontuaren %19 erabiliko da inbertsio errealetarako, 313.863 euro hain zuzen ere.
Inbertsio errealetan egon da EAJ eta EH Bilduren arteko desadostasuna. Eskola berria egin ahal izateko lurraren kalifikazioan aldaketa puntuala aurtengo aurrekontuetan egitea adostu dute, baina, Etxebarriko EH Bilduren ikuspuntutik, «ezeri itxaroten egon beharrik barik eta prozesua bizkortzeko», Hezkuntza Sailagaz egin behar diren kudeaketak aurrera eramaten diren aldi berean, 2006ko aurrekontuetan partida bat zabaldu beharko litzateke ikastetxe biak, eskola eta haurreskola, eta kirol gunerako lehenengo urbanizazio fasea hasteko. «Etxebarriko Udalak orain dela 11 urte erosi zituen eskola berria egiteko lurrak eta oraindik birkalifikatu barik daude», adierazi dute.
EH Bildukoek egindako kalkuluen arabera, azken hamabost urteetan 1.064.000 euro gastatu dira eskola zaharreko inbertsioetan, alokairuetan eta gainontzeko gastuetan. «Eta gaur egun lehengo gabezi berdinekin jarraitzen dugu: zerbitzuak sakabanatuta, gelak eraikin desberdinetan banatuta, irisgarritasun eza…».
Adostutako inbertsioak
Etxebarriko alderdi biek adostutako inbertsioen artean daude, bestalde, Axillondo eta Kortabitxi baserrietara doazen ur hodien konponketa, kale, bide eta baserri bideen konponketa eta udal aretoetarako ekipo informatiko berriak erostea.
Edateko ura baserrietara eramateko 18.615 euroko kopurua aurreikusi du udalak; baserri bideak konpontzeko, berriz, 39.000 euro izango dituzte. Ekipo informatikoari dagokionez, pantaila bi eta ordenagailu bat erosiko dituzte.
Urkaregi errekak Erbera kalean eragiten duen uholde arriskua saihesteko asmoz Etxebarriko Udalak eta Uraren Euskal Agentziak martxan jarritako proiektuaren bigarren faseari ekingo diote aurten. Proiektu horren baitan sartzen zen bai eta ere, Belaots ingurutik zubi bat egitea, baina, herriko alderdi biak adostasunera iritsi dira eta zubia beranduago egitea erabaki dute. Bigarren fase guztiaren kostua 126.000 eurokoa zen, baina zubia atzeratu ostean 86.000 euro gutxiago izango dira aurtengo aurrekontura bideratuko dituztenak. Bigarren fasean, beraz, erreka ingurumen aldetik leheneratuko dute.
Egitasmo berri bat
Proba modura, egitasmo berri bat ere jarriko dute martxan. Erretiratuen elkartea suspertu nahi dute, eta horretarako dinamizatzaile bat hartuko dute astean birritan herriko nagusiekin egon eta era guztietako ekintzak antolatzeko. Garraioa ere ahalbidetuko diete parte hartu nahi dutenei.
Bestalde, aldi baterako langileak kontratatzeko diru sorta bat onartu dute eta sortu berria den herriko harremanak lantzeko taldeak beharko dituen laguntzak eta proposatuko dituen ekintzetarako kopuru bat gorde dute.
Argiteri publikoa jarri eta pleno aretoa ere konponduko dituzte aurten. Herrigunetik kanpo dauden etxeei argiteri publikoa jarri nahi die udalak, baina, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzaren zain daude. Izan ere, proiektu horrek 78.000 euroko kostua dauka, eta laguntza barik ezin izango dutela egin azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak. Momentuz, 32.000 euroko partida zabaldu dute. «Proiektua bi fasetan burutuko litzateke. Galartza eta Altzaako baserrietera eramango litzateke argia lehen fase batean eta Aulesti eta Erberara ondoren», argitu du alkateak. Guztira, 100 baserri ingurura eraman nahi dute argiteri publikoa.
Udal pleno aretoa ere berriztatu nahi dute. Batzarrak egiteko ez dela batere egokia diote alderdi biek, baina, gastu aldaketak aurrerago ere egin litezkela uste du EH Bilduk. Alkatea eta zinegotziak jartzeko moduko mahai bat jarri eta aretoa egokituko dute. Eraldaketak 27.248 euroko aurrekontua izango du.