SOS Antxustegik agerpen publikoa egingo du etzi, Bizkaiko Batzar Nagusietan
Hainbat hilabetez eskaera egin ostean, estreianko taldearen iritzia emateko aukera izango dute. Atunontzia ondare kultur modura izendatzea eta babestea eskatuko diete batzarkideeiHainbat hilabetez eskaera egin ostean, Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko ...
Hainbat hilabetez eskaera egin ostean, estreianko taldearen iritzia emateko aukera izango dute. Atunontzia ondare kultur modura izendatzea eta babestea eskatuko diete batzarkideei
Hainbat hilabetez eskaera egin ostean, Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkuran parte hartzeko aukera izango dute estreinako SOS Antxustegi plataformako kideek. Zehatz esanda, etzi, 09:30ean hasita egingo den saioan agerpen publikoa egin ahal izango dute.Aukera berria ontzat eman dute plataformako kideek, eta pozik agertu dira. Hain zuzen ere, beraien ikuspuntua emateko aukera ezinhobea dela nabarmendu dute. «Orain arte gaia hainbat bidar eztabaidatu da, baina ez dugu gure iritzia emateko aukerarik izan. Zentzu politikotik eztabaidatu da gaia, eta orain, ordea, esatekoak ditugunak gure ahotik entzungo dituzte».
Antxustegitarrek aurreratu dutenez, eskaera zehatz batekin joango dira. «Gure nahirik handiena Antxustegi salbatzea da, eta berau ondare kultural modura izendatzea eta babestea nahi dugu. Era berean, atunontziaren inguruan egon diren txarto eginak eta esanak ere salatzeko asmoa dugu, horien inguruko erantzukizunak eskatuaz».
Proposamen berria
Ontzia oraindik salba daitekeela sinetsita, batzarkideei proposamen berri bat egiteko asmoa badutela ere agertu dute. «Bizirik dirauen ontziola bat egitea proposatuko dugu, Antxustegi-ren ondoan. Taller iraunkor bat modura planteatzen dugu. Etenik gabeko prozesu bat ereiten hasi nahi dugu, eta horretan, proiektu hori interesgarria iruditzen zaigu. Izan ere, gauza berriak irakasteko balio dezakeela uste dugu».
Proiektua aurrera ateratzeko baina, ontziaren zein proiektu berriaren ardura erakunde publikoek eta Bilboko Itsasadarra Itsas museoak hartu beharko lukeela uste du SOS Antxustegi plataformak. «Proiektu berriaren inguruko zirriborro bat eginda daukagu, eta hori ere barikuko agerpenean aurkezteko asmoa daukagu. Zaharberritze lanak kanpoan eta modu artisauan egitea proposatzen dugu, denen bistara. Horretarako bada, museoak dituen eta erabiltzen ez dituen baliabideak horretara bideratzea proposatu nahi dugu, eta konponketa lanak ekintza pedagogiko-didaktiko modura egitea, auzolanean, eta elkarlaneko tailer legez».
Egitasmo berri horregaz, Antxustegi arazo ordez, aukera modura ikustea nahi dute. Baina berau aurrera ateratzeko, ordea, bertoko erakundeak tartean sartzea beharrezkoa dela azpimarratu dute Antxustegitarrek. Aditu asko horretan laguntzeko prest daudela ziurtatu dute, etorkizuneko artisauak formatu daitezkeela horrela, eta hiltzen ari den atunontzia elkarlanean egindako ikasketa eta kultur esperientzia berritzaile baten bidez salba daitekeela.
Gero eta hondatuago
Bestalde, Euskal Herriko atunontzirik zaharrenaren inguruan erabakiak hartzen jarraitzen duten bitartean, egiturak usteltzen jarraitzen duela gogorarazi nahi izan dute plataformako ordekariek. «Oso kaltetua dago, baina oraindik ere, hor jarraitzen du: zutik. Aurreko masta erori egin da eta bizkarra ere zeharo hondaratu dauka, azpia jota».
Ontzia babeste aldera, egitura estaltzea eta zama kentzea komenigarria dela aurreratu dute antxustegitarrek. «Jausi baino lehen, gainean daukan pisua kentzea hobe izango dela uste dugu».