Lizasok eta Egañak girotuko dute Okelartarren omenezko bertso bazkaria
Bazkalostean banatuko dira 27. Okelar anaiak bertsopaper lehiaketako sariak. Ekimenaren amaieran, omenaldia eta Okelar anaien inguruan prestatu duten bideo berezia proiektatuko diraMutrikuko Bertso Eskolak antolatuta, bihar, 14:30ean hasita, egingo da ...
Bazkalostean banatuko dira 27. Okelar anaiak bertsopaper lehiaketako sariak. Ekimenaren amaieran, omenaldia eta Okelar anaien inguruan prestatu duten bideo berezia proiektatuko dira
Mutrikuko Bertso Eskolak antolatuta, bihar, 14:30ean hasita, egingo da Okelartarren omenezko bertso bazkaria, Galbaixo jatetxean. Unai Belaustegik gidatuta, Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak girotuko duten bazkaritan 70 lagun batuko dira.Lizaso eta Egaña saiora «ilusio bereziarekin» datozela azpimarratu dute. «Aspadi batean ez dute Mutrikun bertsotan egin. Horrez gainera, biak Okelarrekin abestutakoak dira. Hain zuzen ere, arrazoi horregatik aukeratu ditugu».
Bazkalostean egingo dira 27. Okelar anaiak bertsopaper lehiaketako saria banaketa eta omenaldi berezia ere. Bertso eskolako ordezkariek herritar eta bertsozale guztiak gonbidatu dituzte arratsaldeko ekimenetara. «Sarrera doakoa izango da. Jende asko bertso bazkariko sarrera gabe geratu dela jakitun, ostean egingo dugun omenaldira gonbidatu nahiko genituzke. Ekitaldi polita izango dela uste dugu».
Hamazazpi bertso sorta
Sari banaketarekin hasiko dute bazkalostea. Aurtengoa oso berezia izango da; izan ere, Okelar anaia biak hilik dauden lehenengoa izango da.
Lehiaketari dagokionez, aurten hamazazpi lan aurkeztu dituzte: hamar gazte mailan eta zazpi heldu mailan. Antolatzaileak pozik agertu dira jasotako lan kopuruarekin. «Normalean, gaia librea izan ohi da, baina aurten gaia ere zehatzagoa izan denez, heldu mailan lan gutxiago jaso ditugu. Kanpotar askorentzat, esate baterako, Okelar gaia ez da oso erakargarria, ez dutelako askorik ezagutzen».
Aurkeztu diren lanak kalitate oso handikoak direla azpimarratu dute. «Bertso sorta politak jaso ditugu, eta jendeak gaiari buruzko lanketa polita egin duela deritzogu. Bertso sorta horiek guztiek ere Okelar anaientzako omenaldi onena izango direla ere uste dugu».
Sariak banatu eta gero, omenaldia egingo da, eta tartean, Okelar anaien inguruan prestatu duten bideoa proiektatuko da. Bertso eskolak gonbidatuta, Okelar anaiekin zerikusia izan duten hainbat herritarrek parte hartuko dute omenaldian. Horien artean izango dira Benita eta Bitore Maiz, bizirik dauden Okelarren anai-arrebak. Okelarren anai-arrebez gain, santa eskean Okelar anaiekin batera hainbat urtez aritutako Azpillaga eta Maritxalar ere omenaldian parte hartzekoak dira.