Urte askoan esku pilota bultzatzen egin eta gero, erretiratzea erabaki du Markina-Xemeinego Esku Pilota taldeko kide eta lehen irakasle izan zenak. Jaialdi handi bategaz agurtuko dute, domekan.
Serafin Ibarra Markina-Xemeingo Esku Pilota taldeko kidea.
Esku pilotarenganako zaletasuna nondik datorkizu?
Ni berriztarra naiz eta Berrizen, denok egiten genuen pilotan, futbolean eta bizikletan. Besterik ez zegoen orduan. Goiko eskolan ibili ginenok, urte pilo baten, 12 urtera arte edo, elizpean egiten genuen pilotan, eta behin 12 urtetik gora, domeketan eta, behera jaisten ginen eta frontoian egiten genuen. Domeka arratsaldero, beti.
Afizionatu mailan jokatutakoa zara? Txapelketarik izaten zenuten orduan?
Txapelketa oso gutxi egoten ziren, eta umeentzako ez zen egoten ezer. Zuriz jantzita lehenengoz 17 urtegaz jokatu nuen, Elorrion txapelketa bat, eta gero beste bat Abadiñon. 18 urtegaz ere jarraitu nuen jokatzen, baina 19 urtegaz kanpora joan nintzen ikastera eta kito. Gero, soldadutza etorri zen eta soldadutza ostean noizean behin egiten genuen; Markina-Xemeinera ezkondu nintzen arte. 26 urtegaz ezkondu nintzen eta 27 nituela lagun batzuk elkartzen eta pilotan egiten hasi ginen. Ordutik aurrera, behin 28tik aurrera, domeka guztietan egiten genuen pilotan, eta astegunetan ere hasi ginen gero. Astean birritan egiten genuen.
Non jokatzen zenuten?
Batez ere Markina-Xemeingo frontoi txikian jokatzen genuen. Ziortza-Bolibarrera ere joaten ginen. Ondarroan ere bazegoen talde bat eta inoiz deitzen ziguten hara joateko pilotan jokatzera, Munitibarrera era joaten ginen noizean behin.
Txapelketarik jokatzen zenuten?
Ziortza-Bolibarren egon zen txapelketa bat eta Munitibarren beste bat. 1978an hasi ginen Markina-Xemeingo txapelketagaz.
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea garai horietan sortu zen?
Lehenengo txapelketak antolatzen ziren. Lehenengoa 1978an antolatu zuen Sugar taldeak. Bazegoen gazte talde bat Aita Tomasegaz ibiltzen zirenak, eta horrek antolatu zuten lehenengo txapelketa. Gu laguntzen hasi ginen, eta bigarren txapelketan ere, Sugarrekin egon ginen. Batzarrak ere elkarregaz egiten genituen. Txapelketan lehen maila eta bigarren mailako partidak egoten ziren, eta umeena ere antolatzen hasi ginen. Beste zazpi edo zortzi urtera sortu zen eskola.
Noiz hasi zinen zu umeak entrenatzen?
Lehenengotik. Ni eta nigaz batera Carlos Bustindui, eta beste batzuk ere ibiltzen ziren laguntzen.
Ume asko zeuden hasieran?
Ume gutxigaz hasi ginen. Dozena bat ume lehenengotan, baina pixkanaka-pixkanaka aurreruntz joan ginen, eta urte baten 101 ume izatera ere ailegatu ginen. Larregi zen guretzat. Inguruetako herrietatik ere etortzen ziren umeak: Munitibar, Aulesti, Berriatua, Etxabarria eta Ziortza-Bolibartik. Azkenean, Munitibarren eskola bat sortu zen eta Leako herriak hartu zituen. Gu Artibai inguruko herriekin geratu gara: Ziortza-Bolibar, Etxebarria eta Berriatua, eta Ondarrutik ere etortzen dira batzuk. Orain hobeto gabiltza.
Zuk zenbat urte egin zenituen irakasten?
38 bat urte, orain dela zortzi bat urtera arte. Beste monitore batzuk jarri ziren eta laguntzen egoten nintzen.
Gauzak, beraz, asko aldatu dira zuek hasi zinenetik.
Era guztietara. Alde batetik, pilotak eurak, bizizagoak eta abiadura gehiago dutenak dira eta komunikazio aldetik ere aldaketa handia dago. Lehen, domeketan partida izaten genuenean, astelehenetan Bilbora joan behar izaten zen, Federaziora, partiduak ipintzera. Jendeagaz kontaktuan jartzeko ere, gaur egun askoz errezagoa da. Txapelketak ere asko gehiago daude umeentzat.
Markina-Xemeingo txapelketa ere aldatu egin da?
Lehenengotan bertakoekin hasi ginen, baina gero zabaltzen-zabaltzen joan ginen eta sasoi baten Bizkaiko pilotari onenak ekartzen genituen. Azkarate, Lejardi, gero profesionaletara pasatu zirenak, Arroeitajauregi, Ariznabarreta, horrek denak jokatzen zuten sasoi baten. Baina, gero eta sailagoa zen pilotariak ekartzea okupatuta egoten ziren eta. Azkenean, buelta egin genuen hasierara eta bertokoekin hasi. Ingurukoak hartzen ditugu eta txapelketa herrikoa egiten da. Diru aldetik ere merkeagoa da, kanpokoei ordaindu egin behar zaie eta.
Markina-Xemeingo taldetik ere irten dira pilotari profesionalak: Urberuaga eta Aretxabaleta.
Urberuaga hasi zenean, Aulestitik nahiko pilotari etorri ziren. Gazte-gazte hasi zen, 8 urtegaz edo. Andoni Aretxabaleta hasi zenean goia jo genduela uste dut. 101 pilotarira Andonik 10 bat urte zituela ailegatuko ginen. Andonigaz batera ume gehien hasi zen urtea izan zela uste dut, hemeretzi edo hogei pilotari hasi ziren. Maila ona egon zen, oraindik ere jarraitzen dute batzuk. Andonin adinekoak bost edo sei pilotari oso politak izan genituen.
Frontoi txikian eta handian entrenatzen da gaur egun.
Hiru egunetan frontoi txikian eta bi egunetan handian. Lehen frontoi txikian bakarrik entrenatzen genuen, ez ziguten handia uzten. Itoginekin, hezetasun handiagaz entrenatzen genuen. Urte batzuk oso txarrak eduki genituen. Lesioak ere izan genituen, bateri eskuturra apurtu zitzaion labain eginda. Frontoi txikian itoginak kendu eta frontoi handia uzten hasi ziren eta hobeto.
Zein izan da pilotak eman dizun pozik handiena?
Poz asko. Lehenengo urtean sufritu egin genuen, berriak ginen eta egur itzelak hartzen genituen, baina pizkanaka-pizkanaka gorantz joan gara eta azken hogei urteetan goian ibili gara. Herriartekoa, Bizkaikoa eta Euskal Herriko txapelketak irabazi ditugu, eta horrek izan dira lorpen garrantzitsuenak. Berriaren txapelketako finalera ere ailegatu ginen. Gainera, geure pilotariekin heldu gara. Txapelketa batzuetan beste pilotari batzuk fitxatu ahal dira, baina gu geureekin ibili gara. Orain ere, Amezketan egon gara talde onenekin batera eta hor ere kanporaketa bi pasatu ditugu gure pilotariekin bakarrik. Maila onean gabiltza.
Zelan ikusten duzu eskolaren etorkizuna?
Orain oso ondo. Gainera, 6 edo 7 urteko talde oso ona eta handia sartu da. 16 mutiko edo dira. Ez dakit sekula horrelako mailarik ikusi dudanik. Entrenatzaile ona ere badaukagu, Peio. Zaletasun handia dauka eta asteburuetan ere lanean ibiltzen da. Batzorde eta monitore oso onak ditugu.
Uzteko garaia heldu zaizu.
Lau urte dira utzi nahian nabilela baina gauza bat edo beste jarraitu egin dut, orain bai erretiratzeko garaia heldu da. Hala ere, frontoira joaten jarraituko dut zapatuetan eta domeketan. Pilotariak ikusten jarraituko dut, duda barik.
Omenaldi bat egingo dizute domekan.
Agur modura. Partidu oso onak izango dira eta jaialdi edarra izango da.