Markina-Xemeingo erretiratuen tabernako arduraduna.
Noiz hasi zara beharrean jubilatuen tabernan?
Urtarrilaren 2an hasi nintzen lanean. Beste behar batean egon naiz, eta hango lana amaitu eta hasi naiz hemen. Urte berri, bizitza berri.

Amaia Ezenarro
Zelan animatu zinen erretiratuen taberna hartzera?
Lagun batek esan zidan aukera hau zegoela. Lehengo beharrean pozik nengoen. Baina autoan nenbilen asko, egunean lau herri zapaltzen nituen. Lau urte ibili naiz horrela, eta zer edo zer egonkorragoa aurkitu nahi nuen. Taberna ezberdinei begira ibili nintzen, lehen ere taberna bat izan nuen, eta gustura ibili nintzen. Aukera hau zegoela jakin nuenean aurkeztea erabaki nuen. Baldintzekin ados nengoen, eta azkenean ni aukeratu ninduten. Aukeraketa bat pasatu behar zen, eta zortea eduki nuen.
Zer eskatzen zuten?
Enkante bat izan da. Eskaintza bat egiten duzu, eta arriskatu egiten zara, ez dakizu-eta zein aurkeztuko den. Proposamen batzuk aurkeztu nituen, baina ez dakit egiteko aukerarik izango dudan. Gauzak era batera ikusten nituen hasi aurretik, eta errealitatea ikusita, nire ikuspuntua aldatu egin da.
Ordutegia lehen baino zabalagoa jarri duzu.
Goiz eta arratsalde egoten da zabalik, eta zapatuetan ixten dut orain. Hasieran ez zen nire asmoa zapatuetan zarratzea, baina eurekin hitz eginda konturatu nintzen egun hori dela jende gutxien etortzen den eguna. Nik astelehena proposatu nuen jai egun modura, baina astelehenetan jende asko egoten da hemen. Goian gelak daude, eta ekintza ezberdinak egiten dituzte bertan. Astean zehar egoten dira, baina asteburuetan ez dago horrelakorik. Asteburuetan erretiratuak familiagaz batzen dira edo nor edo noren etxera joaten dira karta jokoan egitera, eta asteburuetan lasaiago egoten naiz.
Domeketan zabalik dago, baina.
Zabalik dago, baina astegunean baino jende gutxiago etortzen da. Hori dela-eta proposatu zidaten asteko jai eguna zapatua izatea. Eurentzat ondo, eta niretzako ere bai, lanetik kanpoko ekimenak egiteko aukera ematen dit eta.
Ordutegia zein da?
Denda baten modura. 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Erretiratuek oso ondo ikasita daukate, 07:55ean denek alde egiten dute. Oso bezero onak dira. Mugimendua batez ere arratsaldean egoten da. 16:00etan etortzen dira, eta bakoitzak bere mahaia dauka, ohiturak mantentzen dituen jendea dira. Hori dela eta, hasiera batean egitea pentsatuta neukana ez egitea edo aurrerago egitea erabaki dut.
Zer egin nahi zenuen?
Erromeriaren bat edo bertso afari bat, esate baterako. Egingo ditugu, baina aurrerago, ez ditut hemengo bezeroak beldurtu nahi. Hasierako prozesua nik eurak eta eurak ni ezagutzea izan da. Ezin da lehenengo egunetik aldaketekin etorri, lekua eta ohiturak errespetatu egin behar dira. Bata besteari neurria hartzen eta ikasten gabiltza orain.
Zelan joan dira lehen asteak?
Elkar ezagutzen ibili gara, eta ohiturak mantentzen dituen jendea dela konturatu naiz. Bateren batek urteak egiten dituenean, esate baterako, karameluak ekartzen dituzte, eta bi tokatzen dira kafeko. Evak eta Sandrak plateretan ipintzen zizkieten, eta ni kafeagaz beste gauza bat ematen hasi nintzenez eta platera bete-bete eginda egoten zenez, nire funtzionamendurako, nire erraztasunerako, karameluak otzara batean jarri eta hartzeko esaten nien, baina ez zituzten hartzen. Errespetuagatik edo nik ematea nahiago zuten eurak hartzea baino. Niretzako bezero onak dira, errespetutsuak, beti aurpegi onagaz daude, eta gauzak errazten dizute. Pozik nago daukadan bezero multzoagaz. Hala ere, beste jende bat ere etortzea ere gustatuko zitzaidan, erretiratu gazteak, esate baterako.
Erretiratuez gain jende gehiago etortzen da?
Jende batek hau ez du zapaltzen, nahiz eta erretiratuta egon. Askok galdetu didate ea etorri ahal duten, ea jubilatua ez den edonor etorri daiteken. Taberna herri erdian dago, frontoiaren ondoan, baina apur bat alboratuta geratzen da, eta, agian, horregatik ez da jende bat etortzen, baina leku oso polita da. Hala ere, nik uste dut Markina-Xemeingo jende askok ez dutela ezagutzen. Prezioak merkeagoak dira, pintxoak ere badaude egunero, eta meriendak ere ematen ditugu enkarguz, baina jendeak ez du ohiturarik etortzeko.