Plazan biltzen ziren hasiera batean herritarrak bertako jaietan, San Joan suetan, dantzetan, zezenak zeudenean, pilota partidetan eta beste hainbat ekintzetan. Denborak aurrera egin ahala, baina, elkartzeko erabiltzen zuten gune hori lekualdatu egin zuten.
Bertan zegoen hasiera batean herriko bolatokia; baita plazako probalekua ere, gerora; eta, azkenean, frontoiak ere hartu zuen bere tokia. Eta ordutik, 50 urte igaro dira.

Anbrosio Perea lehenengo pilotari profesionala (1895-1961), eskuman, txapelagaz.
Hain justu,
1965eko uztailaren 24 hartan egin zuten frontoi berriaren inaugurazioa. Berria zen hura herritarrentzako, aurrerago, plazan biltzen baitziren pilotagaz eskuz, zestaz zein palaz jolasteko. Torrezelain egin zutenetik, aulestiarrak ez ezik, inguruko herrietakoak ere bertaratzen hasi ziren Lea Artibaiko herri txiki horretara, eta, hala, txapelketak antolatzen ere hasi ziren.
Gazteak ziren duela 50 urte
Juan Elordi (Aulesti, 1944) eta
Inazio Onaindia (Aulesti, 1937), eta ez dute asko gogoratzen inaugurazio egunaz. Aulestiar horiek izan ziren Mendexako Juan Anakabe eta Asensio Lakaren aurka frontoi berri hura zabaltzeko partida jokatu zutenak.
Juan Elordi eta Inazio Onaindia: “Ez da frontoi luzea, probalekuaren tamainak erabaki zuelako luzera, baina erreboteetarako eta umeek zestaz ikasteko aukera ona eskaintzen du”
Partidako emaitza, behintzat, ez zaie ahaztu. Gogoratu dutenez, 22 eta 20 amaitu zuen markagailuak egun hartan, aulestiarren alde. Eskuz jolastu zuten orduan pilotari horiek, baina zestara lehiatu zenik ere bada. “Herriko gazteek jokatu zuten: Katxin, Jabier Bengoetxea, Juan Martiartu eta Roberto Rementeriak”, gogoratu dute.
Izan ere, eskuz ez ezik, zestaz aritzeko ere aukera ematen zuen frontoi berriak, aulestiarrek diotenez. Plazakoa baino “egokiagoa” zen, gainera. “Ez da frontoi luzea, probalekuaren tamainak erabaki zuelako luzera, baina erreboteetarako eta umeek zestaz ikasteko aukera ona eskaintzen du”.
Pilotari izandako bi horiek azaldu dutenez, 1980. urtean hartu zuen gaur egungo itxura
Torrezelaiko frontoiak; orduan konpondu baitzuten frontoiaren teilatua, orduan egin baitzioten probalekuari ordura arte ez zeukan estaldura, orduan jarri baitzituzten probalekuko jarlekuak…
Baina pilotaren mundutik haratagoko aukerak ere ematen zituen frontoiak; bertan egiten ziren, esaterako, garai hartako berbenak. “Plazan, erromeria egoten zen doan, eta frontoian, sarrera orainduta, sasoiko famadun taldeak etortzen ziren kantatzera”. Frontoiko balkoia ere eszenatoki legez erabiltzeko egin zela azpimarratu dute.

Abenduaren 27an, frontoian bildutako batzuk. Argazkia: Aulestiko Udala
Pilota, zaletasun bakarra
Arrakasta handia zuen orduan frontoiak; bai zaharrak eta baita berriak ere. Izan ere, garai hartan, “ez zegoen beste zaletasunik, pilotarena baino”. Hura zen jolasteko herriko espazio sozial nagusia. Hala, umeetatik hasi eta helduetaraino, guztiek hartzen zuten parte frontoian.
Batzuek zaletasun hutsagatik jotzen zuten frontoira, beste batzuk, berriz, aterabide profesional legez. Aulesti herri txikia izanik ere, momentu batean, 20 lagun zeuden Ameriketan pilotara olgetan. “Aulestin, 105 urtetan, beti egon da pilotari profesional bat edo beste, eta, batzuetan, gainera, asko, eta maila onekoak”, dio
Jabier Aranguenak (Aulesti, 1968). Gaur egun, berriz, ez dago profesionala denik herrian. Gazteek ez dute 105 urte horietako “historia aberats” hori ezagutu, baina abenduaren 27an eduki zuten horren parte bat ezagutzeko aukera.
Pilotari izandakoei, pilota zaletasunari eta frontoi berri zein zaharrari aitorpentxo bat egin baitzioten egun horretan, Aulestin. Goizean, frontoi zaharrean, plaka bat jarri zuten, eta pilota partidak jolastu zituzten. Arratsaldean, berriz, dokumental bat proiektatu zuten frontoi berrian, eta bertan ere, partidetarako tartea hartu zuten. “Gustura” igaro zuten eguna joan den abenduaren 27an. “Goizean, jendetxoa ibili zen, eta arratsalde partean, 300 pertsonatik gora bildu ziren”. Ekitaldi “sinplea” izan zen, baina “polita”.
Jabier Aranguena: “Pilota zaletasuna pilota eskolen bitartez bideratzen da gaur egun, eta formula egokia dela deritzot, horrenbeste zaletasun eta aukera dagoen momentu baten, pilotan jokatzeko disziplina eta ordena jartzen dutelako, pilotan jokatzen eta pilotagaz gozatzen erakusten duelako…”
Abenduaren 27an proiektatu zuten dokumentalak bi frontoien eta bertatik ateratako pilotarien istorioa kontatzen duela azaldu du horren gidoilari Aranguenak: “Lehenengo pilotariak nortzuk izan ziren, nondik ibili ziren, pasadizoren bat, profesionalk izan ez zirenek gerra ostean bizi izan zutena…”. Era berean, profesional izandakoen eta herrian geratutakoen istorioak tartekatzen ditu dokumentalak. Horretarako, Euskal telebistarengandik jasotako antzinako irudiak, pilotari izandakoengandik jasotako argazki zaharrak eta pilotari izandakoen zein horra ailegatzerik izan ez zuten herritarren testigantzak bildu dituzte.

Aulestiko pilotari ohiak, plakaren ondoan.
Pilotari ohi horiei egindako elkarrizketetan, pilotari lotutako bizimodua nolakoa zen azaldu zuten: “Nola jolasten zuten abarketekin edo oinutsik, nola egin behar izaten zituzten beraiek pilotak, nola sustatzen zen eskolan pilota zaletasuna, pasadizoak…”.
Nesken presentzia frontoian
Adierazpen horiei erreparatuta, gaur egungo egoera bestelakoa da. Iraganekoaren aldean, egun, pilota munduari gehiago laguntzen zaiola uste du Aranguenak, eta egungo umeek pilotari izateko erraztasun gehiago dituztela gaineratu du. “Pilota zaletasuna pilota eskolen bitartez bideratzen da gaur egun, eta formula egokia dela deritzot, horrenbeste zaletasun eta aukera dagoen momentu baten, pilotan jokatzeko disziplina eta ordena jartzen dutelako, pilotan jokatzen eta pilotagaz gozatzen erakusten duelako…”. Era berean, pilota eskolen abantailarik handienetakoa neskak ere frontoira normaltasunez eraman dituela dela azpimarratu du aulestiarrak.
Lea Ibarra Motrollo pilota elkartea da horren adibideetako bat. Egun, hainbat neska gazte dabiltza bertan, eta hori “izugarrizko saltoa da gizarte moduan eta berdintasunaren ikuspegitik”, Aranguenaren ustez.
Garaiak garai eta ohiturak ohitura,
pilotak bizirik dirau Aulestin, eta orain, gainera, jaso du herriak beharrezkotzat ikusten zuen aitortza.