Otsailaren 4an geratuko da aske Aingeru Cardaño munitibartarra
2014ko azaroan ezarri zioten hiru urteko kartzela zigorra, baina aurretik birritan egona zen espetxean. Iazko irailaren 1ean atxilotu zuten azkenengozOtsailaren 4an utziko dute aske Aingeru Cardaño Munitibarko bizilaguna, haren gertukoek jakitera eman...
2014ko azaroan ezarri zioten hiru urteko kartzela zigorra, baina aurretik birritan egona zen espetxean. Iazko irailaren 1ean atxilotu zuten azkenengoz
Otsailaren 4an utziko dute aske Aingeru Cardaño Munitibarko bizilaguna, haren gertukoek jakitera eman dutenez.Birritan egon da aurretik espetxeratuta espainiar estatuan Cardaño, eta bietan absolbitu zuten. Hori horrela, haren abokatuak eskatu zuen, horietan egindako denbora azken espetxeratze honetarako kontatzea, sumario berekoa zela kontuan hartuta. Hala eskatu zuten, eta hala egin dute.
2014ko azaroan, hiru urteko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak Cardañori, 2001ean Bilboko Santutxu auzoko kutxazain batzuen kontra egindako erasoa leporatuta. Eta 2015eko irailaren 1ean atxilotu zuen Ertzaintzak azkenengoz Munitibarko bizilaguna, lagunekin kalean zegoela.
Azken hileak Zaragozan
Azken hiru hilabeteak Zaragozako (Espainia) espetxean igaro ditu munitibartarrak; izan ere, 2015eko urri bukaeran, Basauriko espetxetik bertara lekualdatu zuten preso politikoa.
Azken atxiloketa horren harira, herriko presoari babesa erakusteko kalera atera ziren herritarrak joan den iraileean. Cardañoren atxiloketa «guztiz bidegabea» zela eta atxiloketaren atzean arrazoi politikoak eta mendekua zeudela salatu zuten hilaren 12an egindako agerraldian. Halaber, berriz ere atxilotu orduko, Cardaño herrian izaten ari zen «inplikazioa» azpimarratu zuten agerraldiagaz bat egin zuten herritarrek: «Badira pare bat urte, Aingeru gure artean dagoela, familia bat osatu eta gure artean bizitzen gelditzea erabaki zuela», adierazi zuten orduan. Egun berean, manifestazioa egin zuten 180 bat lagunek, herrian.