«Arratsaldeetan egoten da frontoian mugimendu handiena»
Zelan animatu zinen kantxazain lana egitera?Ez neukan frontoirako bat ere usterik. Autobusak gidatzeko baimena atera nuen eta lan hori egiteko ustetan nengoen. Baina egun baten Zesta-Punta Eskolako lehendakariak deitu zidan eta lehengo kantxazaina AEB...
Ez neukan frontoirako bat ere usterik. Autobusak gidatzeko baimena atera nuen eta lan hori egiteko ustetan nengoen. Baina egun baten Zesta-Punta Eskolako lehendakariak deitu zidan eta lehengo kantxazaina AEBra joan zela eta hautagai ona izan nitekeela esan zidan. Beti ibili naiz pilota munduan, gustatu egiten zait eta aurkeztea erabaki nuen.
Zein da kantxazainaren lana?
Goizean 10:00etan zabaltzen dut egunero eta 10:00etatik 13:00etara egoten naiz. Kantxa garbitu eta frontoiaren mantenimendua egiten dut, gauzak garbitu, zer edo zer falta bada ipini eta horrelako gauzak. Arratsaldetan egoten da mugimendu handiena. Astelehena, eguaztena eta barikuetan zesta-punta egoten da. Orduan astelehenetan 16:40an hasita 22:00 ak arte egoten naiz. Txikiak hasten dira eta gero eta nagusiagoak eta pilotari izendakoak izaten dira azkenak. Gero martitzenetan esku pilota egoten da arratsaldeetan baina esku pilotakoekin akordu bat egin genuen eta 16:00etatik 18:00etara hasi berriak izaten ditugu, kanpoan ibili direnak frontoi barrura sartu ditugu, posturak eta pizka bat ikasten joan daitezen. Hiru talde dira. Eguaztenetan atzera ere zesta-punta egoten da, aurretik ere egondako ikasleak izaten dira 16:40tik berandura arte 21:30 edo 22.00ak arte. Eguenetan eskupilotaren txanda da, eta bariku arratsaldeetan maila ezberdinetako partidak egoten dira. Umeak, nagusiagoak, denetarik. Sei bat partida egoten dira barikuetan. Zapatu goizeetan entseguak egoten dira, eta esate baterako, zapatu honetan partidak ere ipini ditut. Arratsaldean eskuzko partidak egoten dira.
Astero izaten dituzue partidak?
Normalean bai, beti egoten da txapelketaren bat edo beste. Gu ere orain bi txapelketa jokatzen gabiltza eta maila ezberdinetako pilotariak jokatzen dute. Frontoia okupatuta egoten da beti.
Zure ardura, beraz, frontoia egoki mantzentzeagaz gain, umeei irakastea ere bada.
Frontoiaren ardura eta eskolakoek umeei erakusteko eskaria ere egin zidaten. Partidak eta entseguak ere antolatzen ditut.
Ze adinetako umeak dabiltza?
Sei bat urteko umeak dira txikienak. Zesta ere nik lotu behar izaten diet askori oraindik ez dakite eta, baina apurka apurka ikasten doaz eta gustura nabil. Ikusten dut umeak ere gustura dabizela eta beraz, pozik nago. Poza ematen dit batez ere esaten diedana egiten dutela, hau da, ahalegindu egiten dira.
Ze txapelketa ari zarete jokatzen orain?
Euskal Herriko Txapelketa jokatzen hasi gara, eta datorren hilean eskolartekoa hasiko da. Umeak ilusionatuta egoten dira. Begiak ere zabaldu egiten zaizkie beste herri batera jokatzera joan behar direla esaten diedanean.
Umeak ilusioagaz dabiltza, beraz.
Batzuk bizikletan, beste batzuk aringa-aringa, beste batzuk patinekin, nor arinago heldu etortzen dira frontoira.
Txikiei zesta txikiekin irakasten diezue?
Mexikora eskatuta ditugu plastikozko zesta berriak, lehen ere badagoz txikiak, tamaina guztietakoak, baina hondatuta daude asko. Orduan, eskatu egin ditugu Mexikora eta hilabete eta erdi bi hilabetetan helduko diren kontua, itxaroten gabiltza horreri. Zesta gehiago edukitzeko eta bakoitzak bere zesta eduki ahal izateko.
Txikientzako ez da erosoa izango zesta handi bat erabiltzea.
Zesta handiaegia bada ohitura txarrak hartzen dira. Zuzen bota beharrean behea ez jotzearren albotik botatzen duzu, ohitura txarrak hartzen dituzu eta gero hori zuzentzea gaitzagoa izaten da.
Zenbat ume dabiltza?
Asko, 70 inguru izango dira, adin ezberdinetakoak. Berriak 30etik gora dira. Eskolan gero 100 bat izango gara.
Goizeetan jenderik ibiltzen da frontoian?
Goizeetan libre egoten da frontoia eta etortzen da jendea entsegatzera. Laster AEBra doazen gazteak datoz egunoten esate baterako.
Zu ere pilotari izandakoa zara.
Ni ere 8 edo 9 urtegaz hasi nintzen eta 1985ean debutatu nuen. 1988an AEBra joan nintzen, bizitza guztia egin dut esateko pilotan, 27 urte egin ditut AEBn ere. Orain ere gustura nago, berriz ere zesta-puntari lotuta.