Azken hamar urteak arraunean ibili eta gero, arraunari gero arte esatea erabaki du June Aranbarrik (Ondarroa, 1993). Arraun ibilbide luzean lorpen asko eduki ditu, horietatik ezagunena 2013ko Kontxako bandera, Zumaiagaz.
Telmo Deunen sei urtean egon eta gero, taldea laga duzu. Erabaki gaitza izan da?
Hasiera batean taldea lagatzekotan egon nintzen, baina gero, gauzak hobeto pentsatuta, jarraitzea erabaki nuen, ez nuen trainerua desagertzea nahi eta. Arrauna utzita zueden hainbat taldekide ohi bueltan egotea espero genuen, eta kanpoko laguntzaren bat edo beste jasota, horrela edo bestela trainerua osatzeko beste kide batuko ginela espero genuen. Baina azkenean, ezinezkoa izan da.
June Aranbarri, Telmo Deun traineruan
Trainerua desagertzea espero zenuten?
Asko lagatzekotan zeudenez, denboraldi hasieran jende gutxi batu ahal ginela aurreikusten genuen, eta trainerua desagertu ahal zen susmoak zabaldu ziren gure artean. Hori jakinda, askok jarraitzea erabaki genuen, baina traineru bat uretara bota ahal izateko, gutxienez, hamalau neska behar dira, eta traineru lehiakor bat osatzeko hainbat ahalegin egin badira ere, ez da nahikoa jende batzea lortu.
Baja asko eduki dituzue?
Guztira, sei baja eduki ditugu. Beste talde batzuetara joan dira, edo bizitzako beste proiektu batzuetan hasteko arrauna lagatzea erabakita zeukaten. Era berean, denboraldi berriari begira gauzak ez zeudenez argi, jarraitzeko ahalegina egin dugun askok ere arrauna lagatzea erabaki dugu, motibazio faltagatik.
Motibazio falta hori, zergatik?
Ahaleginak asko izan baldin badira ere, urte sasoi honetan trainerua osatzeko beste jende lortzea ezinezkoa zela ikusten genuen. Trainerua osatu ahal genuen edo ez ziur jakin barik egon gara denbora luzez, eta horrek asko desmotibatu gaitu. Nik, esate baterako, ez nuen entrenatzeko gogorik, eta nire modura, gehiagori ere antzekoa gertatu zaie.
Trainerua desagertu egin dela jakiteak pena eman dizue?
Hartu dugun erabakia oso gaitza izan da, eta bai, pena handia eman digu trainerua desagertu egin dela jakiteak. Zuzendaritza taldeak, beharbada, baietz esan ostean, taldea utzi dugulako huts egin diogula pentsatuko du, baina trainerurik ez dagoela ikustea oso mingarria izan da. Taldearenganako begirune hori izan ez bagenu, taldea osatzeko ahaleginik ez genuen egingo, ez-eta entrenatzen hasi ere. Nahiz eta jendeak gure aldetik arrapaladan hartutako erabakia izan dela pentsatu, erabaki gaitza eta ondo pentsatutakoa izan da. Zumaian taldekideon arteko txarto ulertuengatik trainerua desagertu dela ere zabaldu da, eta hori gezurra dela nabarmendu nahiko nuke. Beti oso batuta egon den taldea izan gara.
Telmo Deun utzi ostean, beste nonbaitera joateko asmorik ba al duzu?
Erabaki gaitz hau hartu eta gero, aurten arrauna alde batera lagako dut. Bi taldetik laguntzera joateko ere deitu didate, baina eskaintza guztiei ezetz esan diet. Motibazio faltagatik utzi dut arrauna, eta orain momentuan, arraun egiteko indar barik aurkitzen dut nire burua. Arrauna nire bizitza izan da, eta, honen ostean, jarraitzeko gogo barik geratu naiz. Zumaia lagatzea oso erabaki gaitza izan da, eta pertsonalki oso gaizki pasatu dut.
Zergatik?
Nahiz eta kanpotarra izan, bertakoa sentitzeko aukera eduki dut. Gauza oso politak egiteko aukera eduki dugu, eta herriak ere asko eskertu digu egindako ahalegin hori. Nire bizitzako urterik ederrenak Zumaian bizitzeko aukera eduki dut, eta eduki dudan taldea izateagatik zorteko naiz.
June Aranbarri, arraunlari ohia
Denboran atzera egin ahal izanez gero, Zumaiara joateko erabakia hartuko zenuke?
Bai, duda barik. Klubeko hainbat kideri asko zor diot, eta maitasun berezia diet. Entrenatzaileari, esate baterako, eskerrak eman nahiko nizkioke, eman digun babes guztiagatik. Esperientzia ikaragarria izan da. Gauza asko lortzeko aukera eduki dugu, eta neurri handi batean egindako lan onari esker, arraun munduan erreferente bihurtu gara.
Telmo Deunen aritzeko aukera zelan sortu zitzaizun?
Ondarroako entrenatzaileak Zumaian ere egiten zuen arraun, eta hurrengo urterako, nahi baldin bagenuen, Zumaian jarraitzeko aukera edukiko genuela esan zigun Nagore Osorori eta bioi.
Hasierako urteak zelakoak izan ziren?
Oso politak. Hasierako urte haietan talde asko izaten genituen gure aurretik. Orduz geroztik, urtero-urtero mailaz igotzen joan gara, 2013an Kontxa irabazi arte. Azken bi urteotan goian ibili bagara ere, ez dugu Kontxarik irabazteko aukerarik eduki, eta horrek, beharbada, taldekide batzuk asko atsekabetu ditu.
Kontxarik ez, baina denboraldi bikaina egin zenuten iaz, ezta?
Azkar esaten bada ere, hemeretzi bandera lortu genituen.
Zein izan da klubean bizi izan duzun unerik politena?
2013an Kontxa irabaztea zoragarria izan zen. Kontxako bandera bakarra irabazi dut, eta oso era berezian gogoratzen dut. Nire kasuan, amona bi egun arinago zendu zen, eta oso une hunkigarria izan zen. Kontxaz gain, beste hainbat estropada ere oso bereziak izan dira, beste traineruekin izan dugun lehia biziagatik.
Eta gaziena?
Aurtengo Kontxa ez irabaztea. Lehenengo estropada egin eta gero, irabazteko aukerekin ikusi genuen geure burua, eta galdu ostean, kolpe ederra hartu genuen. Oso talde lehiakorra genuen, baina aurkariak hobeto aritu ziren. Sei Kontxako bandera jokatu ditut, eta bakarra irabazi, baina lehia horretan aritzeko aukera izatea asko da, zorteko naiz.
June Aranbarri, Ondarroako Alamedan
Arraunari betirako esan diozu agur?
Oraingoz lagatzea erabaki dut, baina etorkizunean bueltatzeko asmoa daukat. Zumaiako klubean asko estimatzen dudan jendea geratu da. Bertakoa sentitu izan naiz beti, oso ondo hartu naute klubean, eta aukera baldin badut etorkizunean Zumaiara bueltatzea ez dut baztertzen. Arrauna oso gustuko dut, eta uztea erabakitzea bera oso gaitza egin bazait ere, arraun mundutik ez nuke gehiegi urrundu nahi, asko asebetetzen nau.
Arraun munduan neska gehiago balego, Zumaia desagertu egingo litzatekeela uste duzu?
Egia esan, aurrerantzean zer gertatuko den ez dakit. Jendea talde batzuetan batzen hasi da, eta beste batzuk desagertzen.
Zer egin beharko litzateke emakumeen arraunari bultzada emateko?
Arrauna oso kirol sakrifikatua da, egunero-egunero entrenatu beharra dago, oporraldirik barik. Asko gustatu behar zaizu, barru-barrutik irten behar dizu, bestela jai duzu. Horrez gainera, gehiago ezagutzera eman behar dela uste dut.
Zelan?
Jende berria animatzeko gure esperientziak kontatzea ondo etorriko zela uste dut.