Ondarroako udal ordezkariek jakitera eman dutenez, Aniztasun Planaren zirriborroa aurkezteko eta osatzeko azken bilera egingo da urtarrilaren 27an, 18:00etan, Kofradia Zaharrean. “Jatorri eta kultura ezberdinen arteko elkar ezagutza, elkar aitortza eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko, Ondarroako Udalak Aniztasun Plana osatu nahi du. Eta orain, jasotako emaitzen itzulketa egiteko partaidetza prozesuaren azken bilera ospatuko dugu”.

Herritarrak Aniztasun Plana osatzeko saioetako batean parte hartzen
Udal ordezkariek aurreratu dutenez, bilera horretan herritarren ekarpenak jaso nahi dira, plana osatzeko. Azken saioan orain arte herritarrekin batera landutako Ondarroako Aniztasun Planaren zirriborroa aurkeztuko da, eta horrez gain, ekarpenak jasoko dira, denen artean azken dokumentua osatzeko. “Gaur egungo egoeran joan-etorriak, migrazioak eta, haien ondorioz aniztasuna etengabe handitzea erronka izaten jarraitzen du elkarbizitzari dagokionez. Honenbestez, gure herriko kohesio elementu bilakatzeko, aniztasun horren kudeaketa egokia behar dugu. Bai erakundeak, baita eragile eta norbanakoak ere; kudeaketa hori herritar guztioi dagokigu”.