AEBetara sarrera emango dion bisaren faltan, Miamiko
Jai Alai frontoian jokatzeko prest dago Jon Goenaga Flores (Mutriku, 1997) puntista mutrikuarra. Profesional modura Miamin debutatuko du. Orain arte, gazte mailan aritu da, eta afizionatu mailan ere aritzeko aukera izan du Aitor Andonegi bikotearekin batera. Maila bikaina erakutsi du hainbat frontoitan aurreralari mutrikuarrak.
Miamira joateko aukera nondik sortu zen?
Dena nahikoa azkar geratu da, oraindik ere sinestu ezinik nabil. Partida bat jokatu nuen Mutrikun, eta Jon Mendizabal
Goxerri Danok Bateko entrenatzailearen bidez ea AEBetara joatea gustatuko litzaidakeen proposatu zidaten.
Espero zenuen proposamena izan zen?
Ez, ez nuen espero horrelakorik. Entrenamendu baten Goxerrik erantzun egin behar nuela aipatu zidan. Gurasoekin hitz egin nuen, eta zer egin nahi nuen aukeratzeko esan zidaten.
Jon Goenaga Mutrikuko Miruaitz frontoian
Hori noiz gertatu zen?
Azaro bueltan izan da dena.
Erabakia hartzea zaila izan da?
Egia esan, ez dut askorik pentsatu. Aukera handi bat suertatu zait, eta onartzea erabaki dut, bi bidar pentsatu gabe.
Andonegirekin batera beti punta-puntan ikusi zaitugu. Pena izango zen bioi ez deitzea, ezta?
Nahiago izango nuen biok batera joatea, baina ez da horrela izan. Egia esan, ume-umetatik beti batera jokatzen aritu gara eta pena izango da oraingoan batera ez jarraitzea. Ea berari ere antzerako aukera bat suertatzen zaion, asko poztuko nintzateke.
Aukera honekin amets bat egi bihurtu zaizu?
Bai. Txikitan zesta-puntan jokatzen hasten zarenean beti pentsatzen duzu AEBetarako jauzia ematea, baina sekula ez duzu pentsatzen zuri tokatu ahal zaizunik. Miamira joateko aukera daukat beste batek erretiroa hartu duelako.
Pozik zoaz?
Ilusio handiarekin noa. Orain ea nolako esperientzia daukadan bertan. Lehenengo hilabeteak oso gogorrak izango dira, baina ohituko naizela uste dut.
Jon Goenaga, Danok Bateko zesta-punta jokalaria
Ze mailatan jokatzeko aukera izango duzu?
Lehen, itxuraz, bi maila zeudela esan didate: goikoa eta behekoa. Baina, orain, ordea, dena aldatu egin da, eta denok batera jokatzen dugu. Adibidez, oraintxe Hiruko Koroa irabazi duen Aritz Erkiagaren aurka ari beharko naiz.
Zenbat denborako kontratua egin dizue?
Urtebeterako kontratu egin didate, printzipioz. 2016ko abenduaren 31 arte, hain zuzen ere.
Mutrikun Miamin eta inguruetan jokatzen egon diren asko egon dira. Zer gomendio eman dizue?
Hemen ez modura, han kinielak jokatzen dira, eta ez nago ni oso ohituta joko horretara. Esperientzia handiko pilotariak aurkituko ditudala esan didate, eta haiengandik ikasteko esan didate. Denborarekin ikusi beharko da nolakoa den esperientzia. Han egunero jokatzen dira kinielak, eta ikasteko ondo etorriko zait.
Eta kinieletara ondo moldatuko zarela uste duzu?
Jokatu izan ditut behin edo behin kinielak, eta ohituta nagoen partidekin alderatuta, oso desberdina da. Jokoa oso azkarra da, eta zorte kontua ere badela uste dut.
AEBetan hainbeste pilotari gazte zoazte batera. Gainbeheran dagoen kirolari bultzada emango diozuela uste duzu?
Zesta-punta berpiztea lortuko bagenu asko poztuko nintzateke. Hemen ere orain Xistera egitasmoa abian hasi da, eta espero dut etorkizunera begira Euskal Herrian ere zesta-punta indartzea eta zabaltzea.
Miamiko frontoira jokatzera beste euskal pilotaririk ba al doa zurekin batera?
Beste dozena bat pilotari badoaz AEBetara, baina beste guztiak Daniako frontoira doaz. Hortaz, bakarra izango naiz, eta horren bildur ere banaiz, baina ohituko naizela uste dut.