Sololuze eta Amuriza bertsoprobetako irabazleak
Joseba Sololuze eta Miren Amuriza bihurtu ziren zapatuan Akerbeltz gaztetxeko Asterix eta Obelix berriak. Galiako bi pertsonaiek modura 12 bertsoproba gainditu zituzten bertsolari biek Akerbeltz gaztetxean egin zen saio berezian.Urtero modura, gaztetxe...
Urtero modura, gaztetxeko bertso saioa gai bateri lotuta egon da, eta aurten, Galiar herrixka bihurtu dute gaztetxea. Gazte asko bezala, Asterix eta Obelix herritik kanpo joan behar dira lan egitera. EƱaut Salegi eta Jokin Arbe Daniara jokatzera doazen puntistak egin zuten Asterix eta Obelixen papera. Kanpora doazenez, horien ordez, herria defendatuko duten beste Asterix eta Obelix batzuk aukeratu behar zituzten, eta aukeratuak izateko 12 proba gainditu behar zituzten bertsolariek. Azkenik, Sololuzeri eta Amurizari jantzi zieten euren kaskoa Salegik eta Arbek.
Lanbideka banatuta, lau taldek hartu zuten parte zapatuko bertsoprobetan: Joseba Sololuze eta Miren Amuriza errementariek; Naroa Loiola eta Xabat Galletebeitia arrain saltzaileek; Lander Ibarluzea eta Josune Aramendi ehiztariek eta Ane Labaka eta Aissa Intxausti etxeko langileek.
Epaimahaiaren lana, bestalde Galiako hiru jakintsuren esku egon zen: Lander San Martin, Jone Antsotegi eta Alain Undabarrena. Idazkari lanetan Leire Salegik jardun zuen.
Herrixka galiarra
Urtero modura, gaztetxea bete-bete egin zen eta giro ikaragarria egon zela azpimarratu dute antolatzaileek.
Saioagaz gainera, apainketagaz ere txundituta geratu ziren ikusleak. Akerbeltzeko sarrera zuhaixkaz beteta aurkitu zuten, eta barruan harresiz inguratutako herrixka galiarra.
Antolatzaileak pozik agertu dira. Izan ere, bertso saioaren helburua bertsolari berriei plaza ematea dela nabarmendu dute, eta aurten, plazetan berriak diren hiru bertsolarik hartu dute parte gaztetxeko saioan: Naroa Loiolak, Josune Aramendik eta Aissa Intxaustik.