Zestari lotutako jende ugari izan da beti Berriatuan, baina azkenaldian, zesta eskolako kideen kopuruak behera egina zuen herrian. Badirudi, hala ere, herriko zaletasuna berpizten doala, eta horrekin batera, baita eskola bera ere.
Asteburuan berri pozgarria hartu zuten herrian; izan ere, sei ume berriatuarrek zesta puntako bidean, pauso berri bat eman zuten. Partida bat jokatuz, debutatzeko aukera izan zuten. Berriatuko alkate Jon Arriolak dioenez, “berri garrantzitsua” da hori herriarentzat, “badirudi eta, umeak erakartzen dituela zestak”.
Berriatuko zesta eskolan hasitako ume berriak
Duela lauzpabost urte eskolaz kanpoko jarduera legez jarri zuten zesta, eta, orain, “kostata bada ere, badirudi bere fruituak eman dituela”, dio alkateak. Izan ere, eskolaz kanpoko jarduera horretatik zesta eskolarako pausoa eman dute Ortzi Aldazabal, Danel Goienola, Aratz Goikoetxea, Uritz Vidal, Luken Bilbao eta Aitzol Bilbao zazpi-zortzi urteko umeek.
Kanpotik etorritakoak eskolan
1985-1986 urte bueltan sortu zuten Berriatuko zesta eskola. Bere garai onenetan, 80 bat federatu izatera ere ailegatu da; gaur egun, aldiz, dozena bat ume eta 15 bat nagusi biltzen ditu: 7 urtetik hasi eta 35-36 urtera artekoak. Berriatuar ugari daude eskolan, baina Lea-Artibaiko gainontzeko herrietakoek zein Mutrikukoek ere jokatzen dute bertan.
Txapelketa asko irabazitakoa da eskola hori; besteak beste, Bizkaiko herri arteko txapelketa ugari. Profesional ugari atera dira, gainera, eskola horretatik. Arriolak dioenez, besteen artean, “erreferentea” izan da Berriatukoa.
Herrian, zaletasuna ere badago. Hainbat izaten dira partidak jokatzen direnean frontoian biltzen direnak.
Beraz, horri jarraipena ematea da eskolaren helburua, eta, horretarako, belaunaldi barriek dute lekukoa.