Ondarroako Luterl komikizale taldearen eskutik, Xabiroi euskarazko komiki aldizkariari buruzko erakusketa egiten ari dira egunotan, Ondarroako udal erakusketa aretoan. 18. Komiki Jardunaldien barruan, aldizkariak hamar urte bete dituela eta, erakusketa berezia prestatu dute komikizale ondarrutarrek.
Gaur [urtarrilak 28], gainera, bisita berezia izan dute erakusketan. Dani Fano komigileak eta Xabiroi aldizkariko koordinatzaileak solasaldi marraztua eskaini du, bereziki, herriko hiru ikastetxeentzako ikasleentzat.
Fano ikasleei azalpenak ematen
Fanok, oro har, erakusketan zehar bisita gidatua egin die ikasleei, eta lehen aleetatik hasita, azken hamar urteotako ibilbidea nolakoa izan den azaltzeko aukera izan du. Aldizkarian, hain zuzen ere, era desberdinetako komikiak argitaratzen dira bere orrialdeetan, formatu desberdinetako zintekin batera.
Horrez gainera, Xabiroi zer den eta nola egiten den azaltzen aritu da. Horretarako bada, aldizkariko eta albumetako azal guztiak ikusgai izan dituzte, hainbat egileen original ikusgarriekin.
Komikiak marrazteko erabiltzen diren teknika ugariren inguruan azalpenak emateko tartea ere egon da. Hala, batzuk eskuz eta beste batzuk ordenagailuz marrazten direla azaldu du Fanok, eta kasu batzuetan, bi teknikak nahasten direla ere aipatu du.
Ikasleak aldizkariaren azalak ikusten
Era berean, egileek marrazteko zer nolako prozesuak erabiltzen dituzten ere azaltzeko aukera izan du erakusketan dauden komikiak adibide modura hartuta.
Erakusketa ikustera gerturatu diren ikasleek interes handia azaldu dute, eta hainbat galdera egin dizkiote Dani Fanori. Erakusketa ikusteko interesa dute herritarrek horretarako aukera izango dute domekara [urtarrilak 31] arte.
Erakusketa zabalik egongo da honako ordutegian: astelehenetik barikura, 18:30etik 21:00etara, eta asteburuetan, goizez ere bai, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.