Fitxaketa berriagaz hasi du 2016 urtea Dzaust taldeak. Kenari eta Eneko Arratek utzi egin zuten denbora faltagatik, eta gitarra bategaz denbora bat ibili ondoren
Mikel Astola batu zaie ibilbide berriari ekiteko. Zazpi lagunek osatzen dute orain, Dzausten bertsio berritua:
Amaia Ezenarro abeslariak,
Aitor Elu,
Jon Etxebarria eta Mikel Astola gitarristek,
Haitz Etxebarria baxuak,
Jon Lekube tronboiak eta
Garikoitz Salcedo tronpeta-jotzaileak.
Dzaust taldeko kideak Ondarroako Portuko Ranpako kontzertu ostean. Argazkia: Dzaust
Lau urte izango dira jotzen hasi zirenetik.
Kenari Arrateren proiektu bat zen taldea, eta Txato Platon ibilitako jendea batu eta Amaia Ezenarrori eta
Eneko Arrateri deitu zion taldea osatzeko. Pare bat urte eta gero utzi behar izan zuten taldea Kenari eta Eneko Arratek, besteek baina, aurrera egitea erabaki zuten.
Gitarra bategaz zer edo zeren faltan geratzen zela taldea ikusten zuten eta Akodas Bozine elektrotxarangan jotetik ezagutzen zuten Mikel Astolari gonbitea luzatu zioten. Esan eta ekin, dena bat izan da. «Lehen astetik etorri zen entsegura eta bigarrenean kantak buruz zekizkien», dio Garikoitz Salcedok. Kontzertu aurretik hiru-lau entsegu eginda Portuko Ranpan egon da talde osoa joan den asteburuan, Radixu irratiaren urteurren jaian. Estreinaldia ondo joan zitzaion eta gustura dago Mikel Astola.
«Orain arte ska musika jo dut, eta bestela, punk rock-a. Apur bat aspertuta nengoen eta aldaketa nahi nuen. Tronpetekin eta beste kontu bat da».
Aldaketa
Lehenengo Dzaust batu zenean Kenari Arratek abesti batzuk egin zituen eta taldeak kanta horiek aurrera eramaten lagundu zuen. Baina, taldea utzi zuenetik kantak
moldatzen joan dira. «Amaiaren ahotsera egokitu ditugu. Kantak antzekoak dira, baina letra ezberdinekin eta kanta batzuetan estiloa ere aldatu egin dugu».
Kantak aldatu zituztenez
maketa bat grabatzea erabaki zuten. «Guk grabatu dugu inolako laguntzarik barik, Markina-Xemeinen entsegaten dugun lokalean. Ordenagailuagaz eta dakigun gauzekin, programa baten eta bateria elektroniko baten laguntzagaz». Kanta berriak YouTuben edo taldearen Facebookean jaitsi edo entzun daitezke.
Ska-Rock antzekoa joten dute publiko zabalari zuzenduta. «Kanta batzuk indartsuagoak dira eta beste batzuk lasaiagoak, reggee estilokoak, baina orokorrean musika atsegina da entzuteko», dio Garikoitz Salcedok. Talde ezagunen bertsioak ere jotzen dituzte kontzertuetan: Kortatu, Ertzainak, Txato plato… baina gehienak euren kantak dira. Hamar kanta baditu taldeak.
«Talde berri eta ezezaguna garenez jendea animatzeko behar izaten ditugu bertsio batzuk».
2015. urtea Durangoko Azokako
Ahotsenean amaitu zuten, egitarauari amaiera emanez, eta 2016 Ondarroako
Portuko Ranpan hasi dute. Zapatuan, berriz, Busturiko Axpe auzoko
Otsozulo gaztetxean egongo dira. «Taldeko bi musikarik bi bidar jo behar dute Possexus taldean ere jotzen dute eta». Haitz Etxebarriak eta Aitor Eluk errepikatu egingo dute beraz, taulagainean.
Dzaust taldea: Amaia Ezenarro, Aitor Elu, Mikel Astola, Haitz Etxebarria, Jon Etxebarria, Jon Lekube eta Garikoitz Salcedo. Argazkia: Dzaust
Momentuz ez dute beste kontzerturik hitzartuta baina jotzeko gogorik ez zaie falta. «Kontzertuak jo nahi ditugu, gustatzen zaigulako eta ondo edo txarto hori egiten dakigulako». Geldirik ere ez dira egongo.
Gazte Danbadan joteko izena eman dute, eta
Rockein! Basauriko udalak atera duen talde berrientzako lehiaketara ere joatekoak dira.
Familia bat
Aurtengo urtean ahal denik eta kontzertu gehien eman nahi dituzte eta Markina-Xemeingo jaietan jotzeko aukerari tiraka dabiltza. «Dzaustek behin jo du Markina-Xemeinen, bere lehen urtean, eta Dzausten bertsio berritua erakutsi nahi diegu markina-xemeindarrei. Formato zaharragaz jo dugu Arretxinagan, gaztetxean… baina formato berria 2016an hasi da».
Taldearen bertsio berrituagaz kanta berriak ateratzeko asmoa dute «ahal izanez gero», eta
CD bat ateratzea ere ez dute baztertzen. «Gauza fisiko bat edukitzea oso polita da».
Jende ezberdina, giro ona, famili txiki baten modukoa da Dzaust. Bakoitzak bere estiloa dauka baina, erdibide baten bila dabiltza. Taldearen estiloa definitzen ari dira eta kanta berrietan nabari da hori.
«Esentzia berdina gara baina estilo ezberdinagaz», dio Amaia Ezenarrok.
Ez dute nahi musikatik bizi, kontzertuak jo, ondo pasatu, eta euren musika ezagutzera ematea dute helburu. 2016 urtea taulagainean hasi dute eta horrela nahi dute jarraitu. «Urtea kontzertu bigaz hasteak motibatu egiten du, musiko bat kontzertu barik ez da-eta inor».