Ibon Urreisti (Mutriku, 1961) halabeharrez sartu da Xistera proiektuan. Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteko gurasoetako bat da, eta berak ere egitasmoan laguntzen parte hartzea erabaki du.
Nolatan aukeratu zaituzte Xistera egitasmoko presidente?
Goxerriren bitartez –Danok Bateko entrenatzailea– aspaldi entzunda nuen hainbat klub zesta-punta indartzeko proiektu bat sortu nahian zebiltzala. Izan ere, gazteek adin batera ailegatuz gero, zesta-punta utzi egiten zuten, eta egoera nola zegoen ikusita, egitasmoa martxan jartzea erabaki zen. Bere garaian laguntza eskatu zidan, eta hor aritu naiz laguntzen, buru-belarri.
Ibon Urreisti, Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan
Egitasmoa bera zelan sortu zen?
Orain bi urte pasatxo zesta-puntaren egoeraren inguruko eztabaidagune bat egin zen Gernika-Lumon. Taldeetako hainbat partaide eta horien inguruan lan egiten duten beste hainbat batu ziren, eta kirola gainbeheran zegoela ikusita, zerbait egin behar zela adostu zuten. Arazo horri irtenbidea eman nahian, klubak batzen hasi ziren.
Zein zer hor aipatzen zer arazorik larriena?
Talde guztietan umeak koskortzen zirenean, horiek zesta-punta utzi egiten zutela konturatu ziren. Hau da, jarraipenik ez zuen euren lanak. Horrez gainera, AEBetan profesional maila ere gainbehera dagoela ikusita, pilotariek ez zuten jarraitzeko irteerarik ikusten, eta askok, arrazoi horregatik ere jokatzeari uzten zioten.
Eta taldeen lanak jarraipena izan dezan, zer da beharrezkoa?
Nire ustez, neurri handi batean zaletasuna bera ere indartu eta landu ere egin behar litzateke, baina horretarako ere, beste hainbat lan egin beharko dira talde barnean ere.
Ibon Urreisti, Xisterako presidentea
Zeintzuk, esaterako?
Etorkizunean pilotari asko edukitzeko harrobia lantzea ezinbestekoa da, baina horiei pizgarriren bat edo beste eman behar zaie.
Zer pizgarri?
Txapelketak sortu behar dira. Modu horretara, pilotariek elkarren aurka jokatzen jarraitzeko aukera izango dute.
Proiektua berea nola gauzatuko da?
Epe luzerako proiektua baldin bada ere, pixkanaka egin nahi ditugu gauzak. Oraingoz, epe motzerako helburuak ezarri ditugu. Hiru urtean proiektua errotzea nahiko genuke. Denbora horretan, proiektua bera bakarrik joan beharko da indartzen, eta, era berean, eskolak indartzen eta afizionatu maila lantzen jarraituko dugu.
Xisterari dagokionez, hemendik aurrera elkartean zein izango da zure lana?
Xistera, orain momentuan, 21 klubek osatzen dugu, eta nire lana horiek guztiak koordinatzea izango da. Horrez gain, aurrerantzean neu izango naiz Xisteraren ordezkari erakundeen aurrean.
Talde horiek guztiak proiektu bakar batean batzea zaila izan da?
Ez da erraza izan denak batzea, eta proiektu baten barruan gauzatzea, baina Patxi Jauregi Euskadiko Pilota Federakundeko presidenteari eskerrak, lortu dugu.
Zesta-puntaren gainbehera igarria da. Hori indartzeko ezer pentsatuta duzue?
Gauzaren bat edo beste prestatzen hasita gaude. Urte guztia iraungo duen zirkuitu bat egitea pentsatuta daukagu. Horrez gain, gazteei ilusioa eragiteko nahiarekin, zirkuituan jokatuko diren partida horiek guztiak telebistaz emango dira.
Eta hori?
Euskal Telebistarekin akordio batera ailegatu gara, eta urte osoan gaztetxoen partidaz gain, afizionatu mailako hainbat partida ere emango dituzte telebistan. Eskupilota partida ugari ematen dira telebistan, baina zesta-punta indartzeko, hori egitea ere garrantzitsua zela iruditzen zaigu. Hori guztiaz gain, harrobia ere landu beharra dagoela deritzogu.
Xisterako presidentea Miruaitz pilotalekuan
Zer mailatan?
Zesta-punta indartu nahi baldin badugu, gaztetxoak erakarri behar ditugu, ezinbestean. Lan horretan klub handienek zeresan handia izango dute. Izan ere, indar gutxiago duten klubei laguntzea ezinbesteko bihurtuko da, etorkizunean denek ere bide berdinetik jarraitzeko. Xistera proiektu honetan denok batera egin behar dugu lana, eta parte hartzea ere zabala izan beharko da. Taldeak, gurasoak, erakundeak, udalak, enpresak… arlo askoren laguntza behar da gaztetxo horiei etorkizun bat emateko.
Proiektuari berari indarra emateko zer behar da?
Momentu honetan hainbat erakunderen menpe gaude, baina horiek ez dira betiko gu laguntzeko egongo. Azkenean, proiektuak bere burua eutsi beharko du. Babesleak bilatzeko ahaleginetan ari gara, eta erakundeekin babesarekin, hainbat enpresa hurreraratzen hasita daude.
Xisterak eman dituen datuen arabera klub berriak sortu dira, eta beste batzuk ere bidean dira. Zer iritzi duzue?
Ondo iruditzen zaigu, horrek guztiak aurrera jarraitzeko ilusioa ematen digu, eta era berean, bide onetik lan egiten goazela erakusten digu.
Zure iritziz, zer izango litzateke onena, dauden taldeak ondo antolatzea ala berri gehiago sortzea?
Nire ustez, orain arte lanean aritu diren taldeek lan ona egin dute eta ondo antolatuta daude. Orain, horiek indartzea dagokigu etorkizunean eraiki nahi dugun proiektua sendotzeko. Klub bakoitzak bere taldea indartzen jarraitu beharko du, eta zailtasunak dituztenei ere lagundu egin beharko zaie. Gure lehentasuna talde txikiak indartzea izango da, gerokoan handiekin batera bide berdinetik jarraitzeko.
Klub sortu berriei laguntza emango diozuela aipatu zenuten aurkezpenean. Horiek nola lagunduko dituzue?
Oraindik ez daukagu argi dena zelan egingo dugun. Laguntza hori nola banatu eta klub bakoitzaren egoera ezagutu ahal izateko diagnostiko bat egitekotan gaude.
Zer aztertuko du diagnostikoak?
Diagnostiko horrek klub bakoitzak duena hartuko du kontutan: materiala, ikasle, irakasle eta guraso kopurua, frontoiaren egoera, baliabide ekonomikoak… Talde guztiak aztertuko dira, eta datu horien arabera, klub bakoitzean laguntzak nola gauzatu daitezkeen erakutsiko digu. Lehentasuna, baliabide gutxien duten klubek izango dute.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.