Urriko kultura batzordean hartu zuten erabakia eta urtarrilaren 12ko jai batzordeko bileran berretsi dute. 2016ko aratusteetan ez da antzar jokorik antolatuko Markina-Xemeinen.
Hiru arrazoi eman dituzte nagusiki.
Udal gobernuaren ustetan, antzar jokoa animalienganako
tratu txarrak sustatzen dituen jokoa da, «sufrimendua dibertsio bihurtuz eta animalien eskubideak urratuz», eta, animalien sufrimendua baztertu eta errespetuan oinarritzen den kultura eredua bultzatzea dutela helburu nabarmendu dute.
Gazte bat antzarrari lepotik kolpeta, Markina-Xemeingo antzar jokoan.
Azken urteetan, ikusle kopuruak
beherantz egin duela ere aitatu du udalak. «Arrazoi hori zela eta, antzar jokoa arratsaldean izan beharrean goizean egiteko erabakia hartu zen, jende gehiago hurbiltzeko». Helburua lortu zen arren, ikusleek, berriz ere, beherantz egin dutela azaldu dute udaletik.
Azkenik, gaur egungo antolatzaileek antzar jokoa antolatzeari uzteko erabakia hartu dutela jakitera eman du udalbatzak. Antolatzaileak ez zeuden tentsio-egoera horretan lan egiteko gogoz.
Eztabaidatu barik
Antzar jokoa egiten den beste herri batzuetan bezala,
eztabaida eragin du azken urteetan, aratuste igandean Markina-Xemeinen egin izan den zaldi gaineko jokoak. Mantentzearen aldeko eta kontrako iritziak kalean egon dira, azken bi urteetan batez ere. Erabakia, azkenean, bat-batean etorri da. Hori uste dute, behintzat, ohitura mantentzearen aldeko ahotsek; «herritarren artean eztabaidarik egon barik» hartu dela.
Animalien errespetuagaz ados daudela diote, eta aldaketak onartzeko prest daudela. «Aldaketak beti egon dira; zorionez, lehengo denboretan egiten ziren torneo estiloko probak aldatu dira», adierazi du, esate baterako, Jabier Arratek. Baina, zer egin erabaki aurretik «400 urteko historia kolpe batez kentzea» ez zaio ondo iruditu.
«Usadioa mantentzea ez zaie interesatu, bestela beste aukera batzuk aurkituko lituzkete».
Aurtengo antzarak bertan behera geratuko badira ere, herriko historiaren parte izanik,
lanketa bat egingo dela aurreratu du udalak, «ondare hori gorde eta beste modu batera mantentzeko». Hurrengo urteetarako aukera ezberdinak aztertuko dituztela jakitera eman du: plastikozko antzarak erabiltzea, jolas berri bat sortzea, ikuskizun berri bat egitea…
Lanketa hori, baina, horrelako erabakia hartu aurretik egin behar zela diote ohitura mantentzearen aldeko herritarrek. «Ohiturari jarraipena eman behar zaio».
Markina-Xemeingo antzar jokoa.
Lekeitioko adibidea jarri du aldaketarako eredu modura Arratek: «Parte hartzaileei erabakitzeko aukera ematen diete eta urteak joan ahala gero eta gehiago izango dira plastikozko antzarak aukeratzen dituztenak, jendea sentsibilizatzen joango delako». Markina-Xemeinen ere, berdina egin beharko litzatekeela uste du. «Aldaketak logikoak dira, baina eztabaidatuta».
Aldaketarako garaia
Ekozain ekologia taldeak duela bi urte eraman zuen kultur batzordera antzar jokoaren gainean erabaki bat hartzeko proposamena.
Plastikozko antzarak erabilita jokoa aldatzea edo
kentzea proposatu zuen. «Ohiturak ondo daude, baina ohitura denak ez daude zertan mantendu, kaltegarriak badira», dio. Ohitura batzuk garai bateko kultura ereduari erantzuten diotela uste dute Ekozaingoek, baina gaur egun ez daudela ondo ikusita; esate baterako, animaliak jolas modura erabiltzea.
Lea-Artibaiko herri handi guztietan, Ondarroan, Lekeition eta Markina-Xemeinen
mantendu da antzar jokoaren ohitura. Hiruretan sortu da eztabaida eta erabaki ezberdinak hartu dira leku bakoitzean. Ondarroan plastikozko antzarak erabiltzen dituzte eta Lekeition benetako antzara edo polimerozkoa erabiltzea aukeratu dezakete parte hartzaileek. Markina-Xemeinen erabakia hartzeko dago, baina momentuz, behintzat, ohitura bertan behera uztea erabaki dute, aurrerago lanketa bat egiteko.
XVII. mendetik datorren usadioa
Antzar jokoa, oilo jokoa eta oilar jokoa ez dira bertokoak jatorriz; Frantziako Landetatik ekarritakoak dira XVII. mende amaieran edo XVIII. hasieran. Gipuzkoan hasi ziren, lehenengo, atzerriko joko horietan; Bizkaian, Markina izan zen jokoa ekarri zuen lehen herria.
Hasiera batean, erdi-aro estiloko torneoak ziren, eta antzararen burua ezpata bategaz ebagiten zuten. Baina denboragaz jokoa aldatzen joan zen eta antzararen zama esku bakar bategaz eteten ahalegindu behar ziren zaldunak gero.
Antzarak bizirik eskegiten ziren lehen, eta zama koipez igurtzen zen, errazegia zelako bestela zama etetea. Horrela egiten zen Markinan ere XVIII. gizalditik 1950. hamarkadan desagertu ziren arte.
Primo De Riveraren diktaduran galazo egin ziren horrelako ikuskizunak, baina, hala ere, antzar jokoa egiten jarraitu zuten Markinan, eta urtero antolatzen zuten aratusteetan. Galdu bazen, ez zen izan inork galazo zuelako, inguruan zaldirik ez zegoelako baino. Zaldien faltan, motorragaz antolatu zituzten azken urteetan. Baina, jokoa era horretara eginda bere nortasuna galtzen zebilela ikusi zuten herritarrek, eta beraz, ez antolatzea erabaki zuten.
Hogei urte baino gehiagoko hutsunea eta gero, 1979. urtean, Guraso Elkarteak eta Zerutxu Kultur Taldeak bultzatuta, antzar jokoa berreskuratu zen berriro.
Antolatzaileek eragozpen handiak gainditu behar izan zituzten: animalien defentsarako taldeen kexuak, Osasun Sailarenak… baina, traba guztiak gaindituta, Markina-Xemeingo aratusteetako ekitaldi garrantzitsuena bihurtu zen berriz ere antzar jokoa.
Lehen antzarak bizirik jartzen ziren, eta ordutik hil eta gero ezegitzen ziren jokorako.
Antzar jokoa Markinara ailegatu zenean, XVIII. mendean, Guen Kalean edo Amore kalean egiten zen. Antsotegiko jauregia eta Amorototarren etxe bitartean jartzen zen soka. Gero, Zelaira eroan zen jokoa, eta soka bi arbola artean jartzen zen. Kiosko berria egin ondoren, goiko bidean egiten hasi ziren, baina 2004. urtean Zelaiko goiko pasealekura eroan zuten berriro jokoa. 2011. urtean Zelai barrenera eraman zituzten antzarrak, beheko partera, bidearen norabide aldaketaren eraginez.