Gure Esku Dagoren deiagaz bat eginda, udal aretoan bildu dira herritarrak. Eskura prozesua zer den azaldu dute, joan den asteburuan Markina-Xemeinen egin zuten modura: “Horren baitan, herri dinamikei forma eman nahi diegu, egitura berriak sortu nahi ditugu, eskualdeko batzarrak egin nahi dira, hilabetean behin”, jakinarazi dute Aulestiko Gure Esku Dagoren kideek.
Udal aretoan bildu dira aulestiarrak
Eta horri lotuta, Aulestin hemendik aurrera zer eta zelan egin nahi duten zehazten hasi dira. Bidelagunak eta konpromisoak batzeak daukan garrantziaren jakitun, herritarrei datozen hilabeteetan antolatuko dituzten
ekintzetan parte hartzeko eta herriko taldeko kide egiteko eskaria luzatu diete. “Euskal Herrian dauden
saretu kopuruaren %10 Lea-Artibaikoak dira; %30,59 dira Aulestin saretuta daudenak”, nabarmendu dute, herritarren inplikazioaren adierazgarri. Euskal Herriko datuei erreperatuta, Larraul (%53,64), Orozko (%35,56), Aretxabaleta (%35,05) eta Altzo (%31,30) dira Aulestik baino saretu gehiago dituzten herri bakarrak.
Datozen hilabeteetan egitekoak diren herri galdeketak ere mintzagai izan dituzte; hori da, hain zuzen ere, 2013an Gure Esku Dagok abiatutako bideak daukan helmuga. “2018a helmuga eta helburu modura jartzen da; dena dela, 2018a ez da helburu itxi bat. Galdeketa hori Aulestin zein markotan eta noiz egin nahi dugun erabaki beharko dugu, zein olatu hartu nahi dugun erabaki beharko dugu”. Eta gogoratu dute ekainean Ispasterren eta beste herri batzuetan galdeketak egingo direla aprobetxatuz,
Adierazpen Eguna egingo dela Euskal Herri mailan, ekainaren 4an eta 5ean.
Babes ekonomikoa, ezinbesteskoa
Azkenik, herritarrei babes ekonomikoa emateko eskaria egin diete; halako prozesu batean finantzaketa ezinbestekoa delako. Ekarpenak egiteko aukeren artean, bazkidetzak daudela gogora eragin dute. “Aulestik bazkidetzaren bidez 2.934 euro lortzeko erronka edukiko du”.
Gure Esku Dagoren webgunearen bidez egin ahal dira bazkidetza horiek.