Ondarroako Historia Zaleak elkarteak atzo [urtarrilak 31] eman zuen ezagutara
Hondarroa 2015 urtekaria. Alamedan egindako aurkezpenean, urtekariak dituen gaien berri eman zuten elkarteko ordezkariek.
Urtekaria gaurtik [otsailak 1] aurrera salgai dago herriko prentsa salmenta puntuetan eta liburu denetan. Sei euroren truke, honako tokietan erosi ahal izango da argitalpen berria: Irkaitz, Idiakez, Zurrumurru, Garoa, Turismo Bulegoa eta Kurike.

OHZko kideak urtekariak saltzen, atzoko ekitaldian. Argazkia: Lore Bengoetxea
Atalei dagokionez, ohi modura, orain 100 urte jaiotakoen eta baxura eta arrasteontzien zerrenda ageri dira. Bestalde, arrantza atalean Tobanekoak ontzi jabeen familiari buruzko erreportajea ere badakar urtekariak. Baserri giroan atalean, ordea, Gorozika auzoko Goxisku baserriko Maria Asun Arantzamendi eta Juan Txurruka elkarrizketatu dituzte.
Artxiboak arakatzen deritzon atalean, aldiz, frankismo garaiko kontuak gogoratu dituzte. “1936 eta 1957 urte bitartean, frankismoaren lehenengo urteetan, Ondarroako Udalaren egoera aztertu dugu. Besteak beste, denbora tarte horretan zelako bozketak egiten ziren, politika horiek herritarrengan zer eragin zuten eta hauteskundeak ere nolakoak ziren agertzen da”.
Herri eta herritarrak atalean, berriz, Francisco Artetxe Bakaiko lehen harri zulatzailearen ondarrutarraren biziaren errepasoa eta
Victoria ontziaren erreplika Ondarroan egon zeneko argazki erreportajea jaso dute. Gai horiez gain, urtero legez, argazki zaharrekin osatutako otzara ez da faltako.

‘Hondarroa 2015’ren aurkezpena. Argazkia: OHZ
Azkenik, Ondarroa, Euskal kulturaren kabia atalean iaz izandako gertakari kultural nagusiak jaso dituzte. Hala nola, Radixu Irratiaren 25. urteurrena, Antton Zubikarai zenaren bizia eta III. Marabilli festibala agertzen dira.
Laguntzaile eta kolaboratzaile gehiago
Bestalde, herriko talde kulturalak laguntzaileak eta kolaboratzaileak behar dituela azpimarratu du, eta horretarako, gogoeta bat egingo du. “Taldearen antolatzeko eta funtzionatzeko modua berritu, eta gero eta handiagoa den gure artxiboa zelan antolatu ere erabaki nahi dugu. Argazki eta dokumentu zaharrak batu eta batu jarraitzen dugu, baina horiek denak digitalizatu eta antolatzeko asti gutxi edukitzen dugu”.
Taldeak nabarmendu duenez, 15 urte eta gero, taldea berritu beharra dago. “15 urtean ez gara geldirik egon. Jardunaldiak, hitzaldiak eta antzekoak antolatu ditugu. Beste 15 urte edo gehiago lanean jarraitzeko gogorik ez zaigu falta, baina horretarako laguntzaile berriak behar ditugu. Bizitzak gorabehera asko edukitzen ditu, eta gure taldean ere aldaketak egon dira: gure lagun batzuk hil egin dira, beste batzuk kanpora joan dira lanera edo umeak eduki dituzte. Gazteak ere hurbildu zaizkigu taldera, baina hala ere, duela urte batzuk baino laguntza gutxiagoagaz gabiltza lanean”.