Etxebizitzaren arazoa kaleratu du azken hilabeteetan, Lekeitioko
Duindduz! herri eragileak. Lekeition zenbat etxe huts dauden aztertu dute kalerik kale eta auzorik auzo, eta herriko etxe huts guztien kopurua jarri dute ikusgai Eskolapean.
Duindduz-eko kideak herriko kaleetako datuak jartzen Eskolapean. Argazkia: Duindduz
Lortu dituzten datuen arabera, Lekeitioko etxeen %40 hutsik dagoela azpimarratu du Duindduzek. Kale eta auzune batzuetan, gainera, Santa Elena, Alde Zaharra …, etxe gehiago daudela hutsik beteta baino. Kaleratu dituzten datuak Lekeitioko Udaletik ateratakoak direla azaldu dute. Horrela, kalez kale etxe bakoitzean zenbat pertsona enpadronatuta dauden zehaztu dute, azken emaitza horretara helduz. «Gure ustez horrek ondorio argi bat erakusten digu, etxebizitza bat izateko eskubidea denok dugula onartzen badugu, ONUk eta Giza Eskubideen Kartak aitortzen duen moduan, konponbidea etxe hutsen erabilpenetik etorriko dela», esan dute.
Etxebizitza bat eskuragarri izatea asko zaildu da azken urteetan, eta Lekeitio moduko herri turistiko batean oraindik gehiago. «Espekulazioak sortutako egoera larritu egin du krisi ekonomikoak etxe kaleratzeak gehitu dira».
Arazoaren muina etxebizitza bizitzeko tresna bat izan beharrean, merkatuaren barruan espekulatzeko tresna bat izan dela dio taldeak. «Horrek, gure herrian etxebizitza askoren eraikuntza ekarri du, baina, eraikuntzak ez du ez Lekeitioko populazioaren hazkundea ekarri ez eta
etxebizitzaren eskuragarritasuna handitu. Aldiz, gure herrian gero eta etxebizitza huts gehiago egotea ekarri du».
Etxebizitzaren arazoak badauka konponbidea taldearen ustez, eraldaketa etxe hutsen erabilpenak ekar dezakeela diote. «Arazoaren muina ez dago etxebizitza faltan. Baizik eta etxebizitza eskubidearen onarpenean, eta hau eskuragarri egiteko beharrezko mekanismoen faltan. Horregaitik, gure ustez, etxebizitza hutsetan dago erantzuna».
Definitu barik
Etxebizitza hutsa zer den ere definitzeko dagoela azaldu dute. «Ez dago horren inguruko definizio instituzionalik, gobernu bakoitzak bere kriterioak erabiltzen ditu. Hau nahita egindako zerbait da. Europa guztian, Alemanian, Danimarkan edo Erresuma Batuan, etxebizitza politika eraginkorrak dauden tokian, definizioa aspalditik dago».
Taldeak egin duen etxe hutsen azterketako emaitzak jarri dituzte asteburuan Eskolapean. Argazkia: Duindduz
Hori dela eta, Lekeition etxe hutsen azterketa egiteko hurrengo
definizioa erabili dutela jakitera eman du Duindduzek: urtean dauden opor (28) + asteburu egunen (52×2) erdia baino gutxiago (70) erabiltzen dena da.
«Etxebizitzarena gazteen arazo bat izatetik beste sektore batzuetara zabaldu da, adinekoak, langabeak, bananduak, etorkinak… Bestalde, Lekeitio inguruko herrietara doa jendea bizitzera», azaldu dute. Etxebizitzen arazoa konpontzeko, beraz,
hiru eskaera egiten ditu Lekeitioko taldeak: Borondate politikoa izatea, etxebizitza hutsak alokairura ateratzeko neurriak hartzea eta alokairu duinak izatea, prezio mugatuta dutenak.