Ondarroako Eskilantxarri ur kirol elkarteak antolatuta, Arrigorriko bodyboard txapelketa egingo da bigarrenez, domekan [otsailak 7]. Lehen bodyboarderrek 13:30ean dzanga egingo dute uretara, eta txapelketa gaua egin orduko amaitu nahi dute, 18:00ak inguruan. 15:30ean izango da itsasgora, eta horren arabera egingo dute txapelketa bera.
Antolatzaileek zale guztiak hondartzara hurreratzera gonbidatu dituzte, eta nabarmendu dutenez, giro onik eta ikuskizunik ez da faltako Arrigorriko inguruetan. Musika egongo da, eta mokadutxoren bat jateko eta eztarriak bustitzeko aukera ere egongo da, barbekuan.
Jon Haitz Badiola eta Nagore Lersundi, Arrigorriko bodyboard txapelketako antolatzaileak
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, domekan
bodyboardean aritzeko baldintza onak egongo dira, eta horregatik erabaki dute txapelketa egun horretan egitea. Eguraldiaren iragarpenaren arabera, astelehenean fronte handi batek joko du euskal kostaldea, eta horren arabera, domekan olatu ederrak eta egokiak egongo direla espero dute Eskilantxarrikoek, 2 metro ingurukoak.
Izan ere, txapelketa egiteko epea azaroaren 14tik martxoaren 26ra bitartean egitea erabakita zeukaten, eta epe hori amaitzen ari dela kontutan hartuta, burutzea erabaki dute. “Txapelketa berez, zapatu baten egin nahi genuen, ostean, Portuko Ranpan 4p4ren kontzertua egiteko, baina mareen kontura bizi gara, eta horren arabera, txapelketa egitea erabaki dugu. Pena da pentsatuta genituen gauza guztiak egin ezin izana, baina asteburu hau ez bagenuen aprobetxatzen ez genekien hurrengo asteburu egokia noiz etorriko zen”.
Iazko txapelketako parte hartzaileak. Argazkia: Eskilantxarri
Antolatzaileek aurreratu dutenez, “lagun arteko eta giro oneko” txapelketa izango da. Guztira, 14 bodyboarderrek parte hartuko dute txapelketan, eta horietatik lau Debako Zurrunbilo ur kirol elkarteko gonbidatuak izango dira. “Aurten berezitasun modura, talde bat gonbidatzea erabaki dugu. Zurrunbilo taldekoekin oso harreman estua dugu, eta bertokko lau kide gonbidatzea erabaki dugu”.
Txapelketari dagokionez, aurten beste formatu bat izango duela iragarri dute. Hain zuzen ere,
lau txandatan jokatuko da. Sailkapen fasea lehen bi txandetan jokatuko da, eta azken bi txandetan, finalerdia eta finala jokatuko dira.
Bodyboarder bat Ondarroako hondartzan
Parte hartzaileek 20 minutuko saioetan banatuta jokatuko dituzte txandak. Lehen txandan lanik onenak egiten dituzten zortzirak zuzenean igaroko dira finalerdira, baina puntuazio txarragoa duten seitik laurek beste aukera bat izango dute bigarren txandan. Txanda guztiak jokatu ostean, lau parte hartzaile ariko dira titulua lortzeko ahaleginetan.
Parte hartzaile guztiek kamiseta bat jasoko du oroigarri legez, eta finalera ailegatzen diren lau finalistek, ostera, oroigarri bereziak jasoko dituzte.