Ondarroako Gure Esku Dagok galdeketa 2017an egiteko asmoa agertu du
Herri galdeketa egin bitartean, gainera, hainbat ekimen egingo dira, hilero. Hurrengo hilabeteotan adierazpen eskubidearen aldeko adierazpenak jasotzen hasiko dira herriz herriHerenegun Kofradia Zaharrean egindako batzar irekian agertutakoaren arabera,...
Herri galdeketa egin bitartean, gainera, hainbat ekimen egingo dira, hilero. Hurrengo hilabeteotan adierazpen eskubidearen aldeko adierazpenak jasotzen hasiko dira herriz herri
Herenegun Kofradia Zaharrean egindako batzar irekian agertutakoaren arabera, datorren urtera begira herri galdeketa egin nahi da Ondarroan.Pedro Lasarte Ondarroako Gure Esku Dago herri dinamikako kidearen berbetan, herri galdeketa egin bitartean, gainera, hainbat ekimen egiteko asmoa dago, hilero. «Herritarren artean ilusioa pizte aldera, hainbat ekintza egingo ditugu datozen hilabeteotan».
Hala, hurrengo hilabeteetarako hainbat proposamen eginda badituzte ere, horiek guztiak antolatzeko, herriko taldeen eta herritarren laguntza eta parte hartzea ezinbestekoak direla nabarmendu dute.
Ekimenei dagokionez, lehen bi ekimenak prestatzen hasiak dira. Aurreko belaunaldien inguruko kontakizunak jaso nahi dituzte, eta horiekin guztiekin, ostean, erakusketa bat egingo dute Aste Santu inguruan. Erakusketa horregaz batera, gainera, Gabonetan egin beharreko kriseiluen ekimena egitea ere aurreikusita dute.
Aurrerago, berriz, hainbat proposamenen artean eskualdeko mailako bizikleta martxa, herriko artisten erakusketa Alamedan eta eskualdeko produktuez egindako pintxo pote berezia egiteko asmoa dituzte. Era berean, ekainean egingo den Adierazpen Egunarekin batera, 24 ordu iraungo dituen mendi irteera jarraia egin nahi da Santa Kurutzera.
Hiru urteko bideorria
Ondarroako Gure Esku Dago herri dinamikak egin nahi dituen ekimenez gain, Alex Zenarruzabeitia Bizkaiko arduradunak aurrerantzean nazional mailan egin nahi diren ekimenei buruzko azalpenak ere eman zituen.
Hain zuzen ere, hurrengo hiru urteotarako hainbat helburu finkatu dira, eta horiek aurkezten aritu zen markina-xemeindarra. «2016an hasiko gara adierazpenekin, 2017an itunagaz jarraituko genuke, eta 2018an, posible izanez gero, sorreratik helburutzat eduki dugun galdeketa posible hori egiteko aukera edukitzea aurreikusten da».
Hala, hurrengo hilabeotan adierazpen eskubidearen aldeko adierazpenak jasotzen hasiko dira herriz herri. «Adierazpen horiek herrietara etorrita, bakoitzak nahi moduko forma eduki dezake, baina muina berdina izango dute. Era berean, adierazpen horiek akordio zabal baten barruan lortu beharko lirateke, ahalik eta herritar gehiena batuz».
2016ko adierazpenak amankomunean ipinita, aldiz, 2017 ituna egingo da, eta azkenik, 2018an, Euskal Herritarron nahaia mahai gainean ipiniko da.
150, baietz
Batzar irekiagaz amaitzeko, bazkidetza kanpainaren berri eman zuen Josu Etxaburu Ondarroako herri ekimeneko kideak. Kanpaina batzarrean bertan ipini zen abian, eta datozen asteotan herrian, gutxienez, 150 bazkidetza lortzea helburu dutela azpimarratu zuen Etxaburuk. «Oraingoz, Euskal Herri mailan, 1.000 bazkide inguru lortu dira, eta nazional mailako erronka, gutxienez, 15.000 bazkide egitea da».
Bazkidetzak egitea oso garrantzitsua dela adierazi zuten batzar irekian. Izan ere, bertan lortzen den diruari esker babestu ahal izango dira hurrengo urteotako egitasmoak. «Gure Esku Dago ekimena ez dugu nahi inoren menpe egotea. Hurrengo hiru urteotan eman behar diren pausoak eman ahal izateko derrigorrak dira bazkideak. Derrigorrez behar ditugu bazkidetzak, baina beti ere, lortu nahi ditugun helburuekin lotutakoak».
Bazkide egiteko erari dagokionez, horiek egiteko hainbat bide daudela aurreratu zuten. Nahi duten herritarrek horretarako aukera izango dute Ondarroako Arriolaneko dendan zapatu eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara. Horrez gain, Gure Esku Dagoren webgunetik zuzenean bazkidetza egiteko aukera ere badago.