BirdFlyway proiektuagaz bat egin du Urdaibai Bird Centerrek
Europako beste zentro batzuekin elkarlanean, kalitatezko turismoaren eredu izatea du helburu. Maiatzaren 8an hasiko dira proiektuarekinEuropako beste zentro batzuekin elkarlanean, naturarekin estu lotuta dagoen proiektu turistiko bat ipini du martxan A...
Europako beste zentro batzuekin elkarlanean, kalitatezko turismoaren eredu izatea du helburu. Maiatzaren 8an hasiko dira proiektuarekin
Europako beste zentro batzuekin elkarlanean, naturarekin estu lotuta dagoen proiektu turistiko bat ipini du martxan Aranzadi Zientzia Elkarteak. BirdFlyway edo Hegaztien ibilbidea deritzo proiektuak, eta kalitatezko turismoaren eredu izatea dauka helburu. Horrez gain, eragin ekonomikoa ere izango duela aurreikusten da. Gaur gaurkoz, Europako bederatzi herrialdetako hamasei zentrok egin dute bat proiektuagaz, tartean, Urdaibai Bird Centerrek.Done Jakue bidearen antzerako ibilbide bat proposatzen du BirdFlywayk, baina «bizi osoan zehar» egin daitekeena. Hain zuzen, Europako hamahiru hezegune desberdinetan beste horrenbeste etapa diseinatu dituzte.
Hala, ibilbidea Eskozia eta Finlandian hasiko da, eta Afrika mendabaldean bukatu, tartean Europako herrialdeak zeharkatuz: Suedia, Herbehereak, Belgika, Erresuma Batua, Frantziako estatua, Espainiako estatua eta Portugal. Zehaztasun legez, hezeguneen sare horretan nabarmentzen diren espezieak bi direla esan du Aranzadik: antzar arrunta eta arrano arrantzalea.
Eskandinaviatik hasita
Kontraste handiko ibilbidea izango dela argitu du Gautegiz Arteagako zentroak: «Eskandinaviako laku liluragarrietatik hasi, Kantauri itsasoko kostaldetik pasa eta penintsulako estepetara iritsiko da. Tokian tokiko hezegune bakoitzean bisitariek interpretazio zentroa bisitatu beharko dute, pasaportean zigilua lor dezaten».
Horretarako, alabaina, «erronka erraz batzuk» gainditu beharko dituzte turistek. «Erronka horien bitartez, inguruko paisaiak, kultura eta ohiturak ezagutuko ditu bisitariak».
Diru sarrera
Aurreikusten dutenez, 20.000 pertsona ariko dira urtean proposatutako ibilbideko etapak egiten. Hori horrela, lehenengo urtean hiru milioi euroko diru sarrerak espero dituzte, estatu mailan. «Urdaibaiko Biosfera Erreserbari dagokionez, urteko eragin ekonomikoa 225.000 eurotan estimatzen da».
Hegazti Migratzaileen Mundu Mailako egunean jarriko dute martxan, maiatzaren 8an. Aurretik, informazio gehiagorako www.birdflyway.org webgunea kontsulta daiteke. «Abentura horretan parte hartu nahi duten guztiek bertan izango dute etapei, hezeguneei eta ibilbideari buruzko informazioa».