Telleria eta Bastida nagusi, trinketeko laugarren jardunaldian
Telleria eta Bastida izan ziren domeka goizean jokatu zen Lekeitioko Trinketeko Eskupilota Txapelketako laugarren jardunaldiko protagonistak. Mallabiarra eta Debarra nagusi izan ziren laugarren jardunaldiko lehen partida bietan.Beraza eta Etxaberriaren...
Beraza eta Etxaberriaren kontra jokatu zuten faboritoek, eta ez zuten hutsik egin. Telleriaren sake eta erremateei Bastidaren atzeko lana gehituta, elgoibartarrek ez zuten asko egiterik eduki. Lehenengotik hartu zuten Telleriak eta Bastidak abantaila markagailuan eta 10 tantuko aldeagaz irabazi zuten, 30 eta 20.
Bigarren partidan Moral eta Laka izan zituzten aurkari. Lekeitiarra eta Mendexarra aurretik jarri ziren 0 eta 5, baina 16ko berdinketaren ostean, nekea nabaritu zuten Moralek eta Lakak, eta, beraz, aurtengo faboritoek aukera aprobetxatu zuten aurrera egiteko. Tanto borobil eta politak eskaini zituzten pilotariek.
Emozioa azkenera arte
Hirugarren partida bat ere jokatu zen domekan, eta partida horretan ere Moral eta Laka jarri ziren aurretik. Jaunarena eta Foster atzetik joan ziren 20. tantora arte, baina, orduan, Jaunarena bizkortu eta sakeaz baliatuz eskumako hormara pilota jaurti eta aurrea hartzea lortu zuten. 29. tantora ere ailegatu ziren Jaunarena eta Foster, eta bazirudien 3 tantoko aldeagaz partida egina zegoela. Baina, Moralek eta Lakak borrokan jarraitu zuten partida berdintzea lortu zutenera arte. Moralek txapara botatako azken pilotak eman zion azkenaurrekoetarako sailkapena Jaunarena nafarrari eta Foster lekeitiarrari.
Datorren domekan, ligaxkako azken partidak jokatuko dira, eta momentuz, Telleria eta Bastida, Orbea eta Arrate eta Jaunarena eta Foster sailkatuta daude azkenaurreetarako. Lehia bizia espero da, beraz.