Gizatasun falta nabaritu du gizartean, azken aldian,
Jose Pablo Arriaga pintore eta eskultoreak. Etorkinen, baina, batez ere, Siriako gerratik ihesi datozenen bizipen eta egiten zaien harrerak hunkitu eta errudun sentiarazi du. «Alemaniako kontzentrazio esparruak oroitzen ditugunean zelan gertatu zitekeen hori galdetzen dio bere buruari seguruenik %90ak, eta orain gertatzen ari dena zelan onartu dezakegun pentsatzen ibili naiz», azaldu du artista markina-xemeindarrak.
Jose Pablo Arriagak Kultur Leioan ikusgai jarri duen erakusketa. Argazkia: Jose Pablo Arriaga
Errudun sentipen horrek gertaerak zuzenean azaldu nahi izatera eraman du, berak egiten dakien modura, artearen bidez. Bere ekarpena, gainera,
itxaropenaren ikuspegitik egina dago; obra guztietan dago-eta itxaropena. «Gizatasunean sinisten dudala erakutsi nahi dut obra honegaz. Dena ez da txarra, dena ez da tragedia. Gertaera guztien atzean itxaropena dago».
Lehenengo aldia da erakusketa bat erakusketa leku baten egiten duela. Beti aurkitu du leku bereziren bat bere lanak ezagutzera emateko. Baina, gai honegaz lotutako toki egokirik ez zuen aurkitzen. Ihesi datorren jendea onartu zuten lekuren bat aurkitu nahi izan du erakusketarako, baina, ez du bat ere aurkitu etxetik gertu, Bartzelonan eta Galizian baino. «Nik ez daukat diru laguntzarik eta oso gaitza egiten zait Bartzelonara joatea erakusketa bat egitera. Kultur Leioan egiteko aukera eduki dut, eurak eskatu zidaten gainera, eta aukeragaz oso pozik nago», azaldu du artistak.
Urtarrilak 20 hasi zen eta hilabete baino apur bat gehiago egongo da ikusgai,
otsailaren 28ra arte, Jose Pablo Arriagaren lana. Pinturak eta eskulturak sortu ditu oraingoan,
Etxetik gertu deitu duen erakusketarako. «Pentsatzen dugu urrun geratzen den historio bat dela, baina bertan-bertan daukagu, eta hurretasun hori eman nahi nion erakusketari».
Hasiera, Palestinan
Gaza koadroa izan zen lehenengo egin zuen obra. Orain dela bi urte bidaia bat egin zuen Arriagak Palestinara, Euskal Herriko kultur arloko beste batzuekin batera, justu Israel eta Palestina arteko gatazka gordinenean zegoenean. «Injustizia benetan zer den ikusi nuen eta sentimenduak mugitu zitzaizkidan. Gaza koadroa egin nuen orduan eta orain, umea izan dudanean, sentipen hori birsortu zait».
Umea eduki duenean etorkizunari begira jarri da Arriaga. Gizatasunez betetako etorkizuna utzi nahi die ondorengo belaunaldiei, eta gertaerak kontatuz eta itxaropen hori igorriz lortu nahi izan du. «Behintzet nire inguruan dagoen jendea balore batzuekin bizitzea nahi dut, gizatasun jokaera bat barruan edukitzeko eta besteei ere zabaltzen joateko». Etxetik gertu obra izango da horretarako baliabidea. «Gizatasunean konfiantza puntu bat erakusten duen historia bat erakusten du. Munduak ezin du horrela jarraitu eta nork edo nork aldatu egin behar du».
‘Etxetik gertu’ bildumako ‘Orriak’ izeneko eskultura. Argazkia: Jose Pablo Arriaga
Denetara, tamaina ezberdinetako
hamabi piezak osotzen dute Arriagaren bilduma. Alde batetik, hiru dimentsiotako egurrezko koadroak sortu ditu. «Zuriz pintatzen ditut, eta gero, argiek egiten duten gerizpeek sortzen dute koadroa». Horrez gain, eskulturak daude. «Hiru material erabili ditut, egurra, hormigoia eta harri akrilikoa, bai eta led argiak ere».
Obra guztiek dute izena, baina
Gaza lana da, herrialde bat izendatzen duen bakarra. Besteen izenburuak,
Ahotsa,
Aukeratua,
Hiru Mariak,
Ausarta…, obraren esanahia adierazten dute. Oraingoan, gainera,
esaldi txikitxo bat ere jarri die lanei, «obra ulergarriago egiteko», eta jendeak eskertu egin dio. «Artista asko konplexuz beteta gaude. Obra ezin dela azaldu sartu digute buruan, obra berak esan behar diola ikusleari esanahia. Baina, kasu honetan, komunikatzaile bat izan nahi dut, eta jendeak gutxi gorabehera gaia nondik nora doan ulertzea nahi dut».
‘Etxetik gertu’ bildumako ‘Ateak’ izeneko eskultura. Argazkia: Jose Pablo Arriaga
Beste erakusketa batzuetara joaten denean, lana nondik nora doan jakitea eskertzen duela aitortu du Arriagak, eta beraz, oraingoan, bere obra azaltzera animatu da. «Gero bakoitzak egingo du berak nahi duen interpretazioa. Baina, ikusleari bide bat markatu nahi izan diet».
Proiektuz beterik
Etxetik gertu 2016ko lehen proiektua izan du Jose Pablo Arriagak, eta ez dauka geldirik egoteko inolako asmorik. Oso indartsu aurkitzen da artista momentu honetan eta aurten apostu bat egiteko asmoa duela aurreratu du. «Apostu bat, gehiago, Jose Pablo artista moduan, eta gainera kanpora begira gehiago», zehaztu du.
Bere arteari
beste ikuspuntu bat emateko asmoa daukala azaldu du artista markina-xemeindarrak, eta jadanik martxan dabil, egitasmoari buelta batzuk eman eta ideiak sortzen; ilusioz, gogotsu eta aurrera egiteko prest.