Iaz denboraldi bikaina egin zuen
Oihana Kortzar (Elgeta, 1984) mutrikuarrak.
Sky Race deritzon Munduko Kopa seigarren amaitu zuen. 27 lasterketa amaitu zituen: hortik 15ean, lehen postuan amaitu zuen eta beste 7tan, podiuma lortu. Denboraldi berria oraintxe hasi du Argentina eta Txile artean, hiru etapa luze dituen
El cruce de los Andes lasterketan.
Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZAk Argentina aldera joan aurretik elkarrizketatu zuen.
Iazko denboraldia. Oro har, zelan gogoratzen duzu?
Egia esan, oso denboraldi ona izan zen. Munduko Kopan gaur egunean dagoen maila ikusita, seigarren amaitzea berri pozgarria da. Bigarren umea izan ondoren sasoi puntua hartzea kostatu egin zitzaidala kontutan hartuta, are pozgarriagoa da. Beharbada, beste denboraldi batzuk azken honekin alderatuta hobeak izan dira, baina azkena zailtasun gehiagorekin ondo amaitzea lortu nuen. Beraz, ez nago kexatzeko moduan.
Oihana Kortazar Limone Extrem lasterketan, mendian gora. Argazkia: Scott Sports
Eta denboraldiari errepaso bat emanda, zer proba gogoratzen dituzu bereziki?
Bereziki bi lasterketa gogoratzen ditut. Alde batetik, Espainiako txapelketa inflexio-puntu bat izan zen. Lasterketan zehar ez nituen sentsazio onak izan, eta hori berriz ez errepikatzeko zerbait egin behar nuela konturatu nintzen. Beraz, entrenamendu sistema aldatu eta ordutik indarberritu egin nintzen. Bestalde, gogoan dudan beste lasterketa bat denboraldi ia amaierako bat izan zen, Italiako
Limone Extrem, Munduko Kopako azkena; bertan lortutako hirugarren postuari esker sailkapen orokorrean puntu asko irabazi nituen, eta helmugara heltzean azken hilabeteetako ahaleginak merezi izan nuela pentsatu nuen.
Entrenamenduetan zer aldaketa egin zenituen?
Gimnasioko lan gehiago egiten hasi nintzen. Egia esan, haurdunaldia eta gero, hankak ahulagoak nituela asko igarri nuen. Abduktoreetan, batez ere, indar falta sumatzen nuen. Hori indartu beharra nuen, giharreek eragin handia dute korrika zabiltzanean.
Bestalde, iaz zer lasterketak egin zizun ilusiorik gehien?
Zegama-Aizkorrin hirugarren postua lortzeak sekulako ilusioa egin zidan. Nahiz eta hirugarren sailkatu, 2012an lasterketa bigarren aldiz irabazi nuenean baino askosaz marka hobea lortu nuen, eta horrek asko motibatu ninduen.
Iaz zure bigarren amatasuna eta gero lehiatzera bueltatu zinen. Zelan uztartzen dira elite mailako kirola eta amatasuna?
Entrenatzaile pertsonal lanari esker ordutegi malgua daukat, eta ingurukoen laguntza baldin badut ere, amatasun beharrekin eta entrenamenduekin bateratzea, askotan, ez da erraza.
Oihana Kortazar, denboraldia hasi aurretik
Denboraldia orain hasi duzu Argentinan. Zeure burua sasoiko ikusten duzu?
2015eko denboraldia amaitu, eta atsedenaldi motza artu ostean, bi hilabete egin ditut prestaketa lanetan, eta entrenamenduetan gustura aritu naiz. Dena den, lasterketak eta lehiakideak dira puntuan jartzen zaituztenak eta errealitatea erakusten dizutenak, beraz, badut lehiatzen hasteko gogoa benetan nola nagoen ikusteko.
2013an lasterketa bera irabaztea lortu zenuen, ezta?
Bai, baina lasterketak izen berdina baldin badu ere, ibilbidea ez da berdina izango. Formatu berdina du, baina ibilbidea urtero aldatu egiten dute. Aurten beste toki batzuk ezagutzeko aukera dut, eta horrek animatuta noa.
Babesle berdinarekin jarraituko duzu?
Aurten ere
Salomon Etixx-en jarraituko dut, baina badaude beste kolaboratzaile batzuk ere:
Suunto, Peltz,
Spiuk,
Segurartic,
Catalana Occidente… Horien laguntzari esker hemengo zein kanpoko lasterketetan parte hartu dezaket, baina, batez ere, nazioarteko maila goreneko lasterketetan parte hartzeko aukera ematen didate.
Zenbaterainoko garrantzia du babesle on bat izateak?
Derrigorrezkoa da. Munduko Kopa baten parte hartzeko aurrekontu nahikoa behar izaten da, eta hori ordaintzeaz gain, material aldetik ere asko laguntzen digute. Zentzu horretan talderik onenean nagoela deritzot.
Aurtengo denboraldiari dagokionez, zer helburu dituzu?
Berriz ere Munduko Kopan parte hartuko dut, eta hortik kanpora ere, beste lasterketa batzuetan ere parte hartzeko asmoa daukat. Mendiko lasterketak mendiko federazioak antolatuta egiten dira, baina orain, mendi lasterketak kirol olinpiko bihurtu nahi dutenez, Nazioarteko Atletismo Federazioa ere tartean sartu da. Azken horrek, bere zirkuitu propioa sortu du, eta zirkuitu horretako proba batzuetan ere parte hartzeko asmoa dut.
Eta hori?
Momentu honetan profesional modura jarraitu ahal dugula ziurtatzen digun erakunde bakarra
Nazioarteko Atletismoko Federazioa da. Uste dut, hortaz, garrantzitsua dela zirkuitu horretan ere parte hartzea.
Denboraldi berriari dagokionez, zer probatan parte hartuko duzu?
Nire egutegia egunotan egingo da publiko, baina Munduko Kopako lasterketetan ez eze, Euskal Herrian jokatuko diren hainbat lasterketa esanguratsuetan ere parte hartuko dudala aurreratu dezaket.
Lasterketa horien barruan, bada sekula falta ez denik?
Ohiko moduan, Leongo (Gaztela eta Leon, Espainia)
Alto de Sil lasterketan parte hartuko dut. Bestalde, lau urtean behin antolatzen diren Sky Games-ak ere, gure joku olinpiko partikularrak, aurten jokatuko dira. 2012an nik irabazi nituen, eta aurten ere Sky Games-etan parte hartzeko aukera eduki nahiko nuke, nire helburutako bat da.
Oihana Kortazar Zegama-Aizkorriko lehen bi sailkatuekin batera. Argazkia: Goiherriko Hitza
Bestalde, sekula parte hartu ez duzun lasterketaren batean izango zara aurten?
Maiatzean, La Palmako (Kanaria uharteak, Espainia)
Transvulcania lasterketan parte hartuko dut, estreinako. Aspalditik parte hartzeko gogoarekin nengoen, eta aurten parte hartzea erabaki dut. Izan ere, Zegama-Aizkorri baino zer edo zer arinago da, eta beti harako prest egon nahi nuelako eta, ez nuen parte hartzen.
Iaz maratoi distantziako lasterketetan ez eze, igoera bertikaletan ere parte hartu zenuen. Aurten ere hala izango da?
Batez ere, oinez asko egiteko eta igoera luzeak dituzten lasterketak gustatzen zaizkit. Kilometro bertikalak, oro har, oso gustuko ditut, baina lasterketa baten barruan aldapa nahiko luzea baldin badago, oinez egiteko nahikoa zati izatea ere gustatzen zait. Izan ere, nire oinkadagatik hobeto moldatzen naiz horrelakoetara. Bestalde, eta aurreratu dezakedanaren arabera, aurten kilometro bertikal gehiago egiteko asmoa dut. Iaz, egia esan, ez nuen igoera bertikal askorik egiteko nahikoa astirik eduki, eta gerokoan, aldapa gorako izaten den azkatartasun hori galdu egin nuen. Hartara, aurten lehenengotik bata zein besteko probetan parte hartzea erabaki dut.