Txapelketa bat izan da asteburuan Berriatuan jokatutakoa, baina, parte hartzaileen arteko lehia baino,
lagun giroa nagusitzea zen Berriatuko Udalaren xedea, eta lortu lortu dute.
Pala txapelketako irabazleak: Estibaliz eta Jon Arriola
Neska zein mutil elkarrekin aritu ziren jokoan, Mendibarren frontoian. Lehenengo urtea zen pala txapelketa mixtoa antolatzen zutena herrian, eta arrakasta handia izan du.
32 bikotek parte hartu dute barikuan, zapatuan eta domekan lehiatutako txapelketan.
Parte hartzaileak asko izan ziren, baina publikoa ere zabala izan zen asteburu osoan zehar.
Saioa Lopez eta Xabi Garalderen aurkako lehiaren ostean,
Jon Arriolak eta Esti Arriolak eskuratu zuten txapelketako garaipena, eta horren truke, txapela eta bertoko produktuez betetako otzara jaso zuten. Bigarren sari hori finalera ailegatutako Lopezek eta Garaldek ere hartu zuten.
Domekan, finala bukatuta, parte hartzaileak zein herritarrak frontoian geratu ziren, paella janaz gozatzeko.
100 bat lagun bildu ziren bazkaritan, udalak helburutzat zuen lagun giroan murgilduta.