Josu Arrizabalaga Ondarroako alkateak astelehenean [otsailak 15] bere karguaren dimisioa aurkeztu zuen. Erabakiak ezustean harrapatu ditu herritarrak, eta horren berri emateko prentsaurrekoa eskaini dute alkateak eta zenbait udal ordezkarik, gaur [otsailak 16], 17:00etan, udaletxeko udalbatzar aretoan.
Arrizabalagak prentsaurrekoan nabarmendu duenez, kargua “arrazoi pertsonalengatik” uztea erabaki du. Alkate ohia erabat hunkituta agertu da jendaurrean. Ahotsa erabat apurtuta eta malkoiei ezin eutsita, asko pentsatu eta hausnartutako erabakia izan dela aitortu du. “Denok dakizue nire bizitzaren berri, 2014ko abenduan gertatu zitzaidana, eta nik pentsatu arren emozionalki gogor nengoela, denborak agerian utzi dit ez nengoela hain gogor. Pisu askoko motxila neraman gainean eta gainez egin aurretik udaleko zereginak lagatzeko erabakia hartu dut, baina ez da bat ere erreza izan”.
Josu Arrizabalaga, Ondarroako alkate ohia, gaur.
Era berean, bere egoera emozionala tarteko, alkate jarraitzeko indarrik barik sentitzen zela ere azpimarratu du. “Ez naiz sentitzen indarrez eta gai txalopa hau aurrera eramateko. Lidergorik egon ezean, hobe da behar hori beste batzuri lagatzea. Bestela, txalopa bide onetik eraman beharrean, harkaitzen aurka eramaten duzu”.
Txomin Etxaburuk ere bai
Bestalde, Txomin Etxaburu hirigintza zinegotziak ere dimisioa aurkeztu duela aipatu du Arrizabalagak. “Txominen dimisioak ez du zerikusirik nirearekin. Kargua uzteko arrazoiak beste batzuk izan dira”.
Azkenik, udalean egon den epe laburrean bidelagun izan duen taldekideei, udal langileei eta teknikariei eskerrak eman nahi izan dizkie Arrizabalagak. “Eskerrak eman nahiko nioke nirekin batera beharrean aritu den lantaldeari. Pena ematen dit nirekin sinestu ostean, hor lagaten ditudala ikusteak, baina eurek badakite edozein momentutan nire beharra baldin badute, hor izango nautela».
Arrizabalaga, dimisioaren berri ematen, udal ordezkariekin, gaur, udalbatzar aretoan.
Maila apalagoan bada ere, aurrerantzean ere kalean “amesten dugun Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko asmoa” daukala adierazi du. “Nik ezker abertzaleko militante lanetan jarraituko dut, beti bezala”.
Udal taldeak, bere aldetik, Arrizabalagari orain arte egindako lana eskertu eta aurrerantzean ere beste esparruetan lanean jarraitzeko gonbidapena luzatu nahi izan dio. “Udal talde modura, Josuri eskerrak eman eta beragaz %100ean gaudela agertu nahi diogu. Hemen balio dutenak pertsonak dira, eta beste gauzak era batera edo bestera, egingo dira”, azpimarratu du Iñaki Lersundi kultura zinegotziak.
Zerrendako kideen artean
Udal taldea osatzera pasako diren bi herritarrei eta alkateari dagokienez, barikuan [otsailak 19], 18:30ean, Kofradia Zaharrean egingo den herri batzarrean hasiko dira aukeraketa lanekin. “Gure alderdian beti egin dugun moduan herritarrekin batera aukeratuko dugu hurrengo alkatea zein izango den. Horretarako lehen urratsa barikuko herri batzarra izango da”.
Josu Arrizabalaga, Unai Barrenetxea, Idurre Ibazeta eta Iñaki Lersundirekin batera.
Udal hauteskundeetara aurkeztu zen zerrendako kideen artean egingo dute aukeraketa, baina Arrizabalagak aurreratu zuenez, bi zinegotzietako bat Idurre Ibazeta izango da.
Bestalde, alkate berria otsailaren 25ean egingo den osoko bilkuran aukeratzeko asmoa agertu dute. Hori eta gero, eta legeak zehaztutakoaren arabera, prozedura baten sartuko da aukeraketa, eta martxoaren 8rako alkate berria izendatuta egon beharko du. Bien bitartean, Zunbeltz Bedialauneta alkateorde eta ingurumen zinegotziak beteko du alkate kargua.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.