Talentua duten herrialde ezberdinetako gazteak, Markina-Xemeingo campusean
Lea Artibai Ikastetxea eta Leartiker Technology Entrepreneurship Program proiektua bultzatzen ari dira, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Europako Gizarte Funtsaren Bizkaia:talent programagaz lankidetzan, eta Mondragon Korporazioko, Azaro Fundazioko eta Renault Consulting-eko enpresen babesagaz.
Proiektuaren helburua, bederatzi urtetan gutxienez, 180 unibertsitate-tituludunen enplegatzeko aukerak hobetzea da eta horietatik gutxi gorabehera 120k kualifikazio handiko enplegua lortzea proiektuan parte hartu ondoren. Enplegu horiek, programaren ezaugarriak kontuan izanda (oinarri teknologikoa), egonkorrak izango dira.
Ikasleek bi hilabeteko prestakuntza trinkoa betetzen dute material polimerikoetan nahiz elikagaien industrietan, eta, horren ondoren, enpresa eta gune teknologikoetarako bisitaldiak enpresetako praktikekin tartekatzen dituzte zazpi hilabetez.
Datozen asteetan, talentu berriak biltzen hasiko dira, bigarren urterako. “Bigarren urte honetan, hainbat herrialde eta ezagutza-arloetako ikasleak erakartzea espero da, programan parte hartzen duten enpresen beharren arabera”, azaldu dute. Informazio zehatzagoa izateko interesa dutenek orri honetan kontsultatu dezakete: www.talentfortep.com.
Ikasketak zabaltzeko asmoz
Vikash Kumar (Motihari, Bihar, India, 1993) TEP programan ari da parte hartzen. Programa hau hautatzea erabaki zuen alde batetik, orientazio batik bat praktikoa duelako, eta bestetik, ekintzailetza-esperientziak eta enpresa-proiektuak eta goi-mailako ezagupen teknikoak batzen dituen banaketa akademikoa daukalako. “TEP programak aukera ematen dit industriaren arloko buru argienetako batzuekin lan egiteko eta, aldi berean, kultura desberdinetako jendearekin denbora pasatzeko. Gainera, lortutako esperientziari eta kontaktu-sareari esker, aukera izango dut modu esponentzialean hazteko. Lan pizgarriaren kultura da, lanlekuko adiskidetasunarekin batera, oso erakargarria iruditzen zaidan TEParen beste alderdi bat”, azaldu du.
TEP programan parte hartzen ari da bai eta Eliftem Semercik ere (Botrum, Turkia, 1990). Material polimeroen diseinuan zientzialari espezialista izatea du helburu, eta arlo horretan prestatzen jarraitzeko asmoz erabaki zuen. TEP programarekin bat egitea. “Nire ikasketak zabaldu, zientzialariekin eskuz esku lan egin eta ikerketa-bide berrietan parte hartu ahal izateko”, nabarmendu du.