Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak antolatuta, solasaldi bat egongo da zapatuan [otsailak 20], 12:00etan, Uhagon Kultur Guneko lehen solairuko aretoan, 100 urte betetzear den Luis Ortiz Alfau miliziano ohiagaz.
Luis Ortiz Alfau (Bilbo, 1916) 18 urte zituela harrapatu zuen gerrak. Bere borondatez, Izquierda Republicanako miliziara aurkeztu eta Euskal Herriko hainbat frontetan borrokatu ondoren (Gernikako bonbardaketaren zuzeneko lekukoa izan zen), Gijonera arte jarraitu zuen eta bertatik ihes egin ostean, Kataluinan lotu zen berriro borrokara, bertako frontea galdu arte. Frantziara pasatu zen gero, eta Argeles sur Mer eta Gurseko kontzentrazio esparruan egon zen. Munduko II. Gerra hasi zenean Espainiara sartzeko ahaleginak egin zituen eta Hendaiako mugan atxilotu zuten. Kartzelaratua izan zen eta 38. Langile Batailoi Disziplinarioan behartutako lanak egin behar izan zituen.
Egun Argentinako Kereilan frankismoaren salatzailetako bat da, horrez gain, Bizkaiko Elikagaien Bankuan boluntario lanak ere egiten ditu.
Luis Ortiz Alfau. Argazkia: Ahaztuen Oroimen 1936
“Bizitza gogor, aberats eta konprometitua duen gizon hau gurekin egongo da zapatuan. Ez dugu nahi Luisekin dugun hitzordu hau bere kontakizunaren berrerrepikapen soila izatea, aukeraz baliatu nahi dugulako antolatu dugu solasaldi formatuan”, zehaztu dute Ahaztuen Oroimenakoek. Beraz, galderak eta ideiak partekatzea da asmoa, eta horretara gonbidatzen dituzte partaideak.
Ahaztuen Oroimenak bere 40 minutuko testigantza bat jarria dauka elkartearen webgunean . Testigantza horretan Luis Ortizek Gerra Zibilean eta ondoren bizi izandakoak azaltzen ditu. “Hitzordu honetara joatekotan zaudenoi argitaratuta daukagun bere testigantza ikustea proposatu nahi dizuegu. Horrela, bere barri izanda, kezka eta jakin nahia sortuko zaizuelakoan, luxuzko aukera honetatik paregabeko etekina atera dezagun”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.