Ertzain etxearen hormak eraitsiko dituztela dio Beltran de Herediak
Lau hilabeteko epean, eraikinaren espazio perimetral guztia moldatuko dute, hasierako itxura bueltatuz. «Herritarrei zerbitzua hurbildu eta arreta hobetu» nahi dute lanekinEstefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak atzo...
Lau hilabeteko epean, eraikinaren espazio perimetral guztia moldatuko dute, hasierako itxura bueltatuz. «Herritarrei zerbitzua hurbildu eta arreta hobetu» nahi dute lanekin
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak atzo aurkeztu zuen Ondarroako ertzain etxea eraberritzeko eta birmoldatzeko proiektu berria. Azpimarratu zuenez, espazio perimetral guztia modaltuko dute. Besteak beste, eraikinaren aurreko aldea guztiz itxuraldatuko dute eta eraikinak hasiera baten zuen itxura hartuko du, hau da, berau babesten duten harrizko hormarik gabe. Ekialdean horma zati bat mantenduko da eraikinaren akustika babesteko, eta beste perimetro guztia babesteko, ostera, egitura metaliko bat erabiliko da.Lan horien helburu nagusia «herritarrei zerbitzua hurbiltzea eta arreta hobetzea» dela nabarmendu zuen. Lanek 365.177,42 euroko kostua izango dute eta lau hilabeteko epean burutuko dira. Ostean, gainera, 50 metro koadro gehiago irabaziko ditu espazioak. Orain 3.682,42 m2 ditu, eta gero, 3.732,37 m2 izango ditu.
Lanei dagokienez, horiek Horizonte 2016 plan estrategikoaren barruan egingo direla nabarmendu zuen sailburuak. Plan horretan aurreikusitako hobekuntza guztien artean, hainbat ertzain etxe birmoldatzea erabaki da, zentro horiek «adeitsuagoak, atseginagoak eta herritarrekiko komunikazio eta zerbitzuaren premien erantzuteko irekiagoak» izan daitezen.
Sailburuak gogoratu zuenez, 2008ko irailean jasandako eraso terroristaren ostean, eta beste eraso batzuk ekidin nahian, salbuespen neurriak hartu zituzten.
Eraikin funtzionalagoa
Horren adibide, Ondarroako eraikina guztiz babesten zuten hormak eraiki zituzten. «ETAren eraso terroristek autobabeserako neurri apartekoak hartzera behartu zuen Ertzaintza ere. Eraikinaren eta barruan jarduten zutenen segurtasuna lehenetsi zen, poliziak herritarrei eskainitako beste balio batzuen gainetik. Ondarroako ertzain etxea, argi eta garbi, horren erakusgarria da».
Gaur egungo eta 2008ko testuingurua guztiz desberdinak direla kontutan hartuta, zerbitzua orain «herritarrei gerturatzea» erabaki dutela adierazi zuen Beltran de Herediak. «Horizonte 2016 deritzon plan estrategikoaren barruan, eredu polizial berri baten egin dugun apustua eta gero, Ondarroako ertzain etxeari hasiera batean zuen itxura emateko unea orain izan behar zuela iruditu zaigu. Proiektuaren helburua bikoitza da: alde batetik, eraikinaren itxitura arinduko dugu, eta bestetik, beste edozein zerbitzu publiko modura, harrera herritarrengana hurbilduko dugu, espazio funtzionalagoa eta erakargarriagoa eginez».