Bidea luzea izango da, baina, behintzat,
lehenengo pausoak emanak dira. Zain egotea besterik ez da geratzen; lanak noiz hasiko zain egotea. Eta orduan denek jarri beharko dute bere aldetik, ahalik eta hoberen eginez.
2000. urtean 40 bat ikasle zeuden bitartean,
gaur egun 120 bat dira Berriatuko eskolara ikastera doazenak, eta eskolak tamaina bera izaten jarraitzen du. Behin betiko irtenbidea iritsi bitartean, egoerara egokitzen joan dira azken urteetan bai udala, bai eskola, bai guraso zein ikasleak.
Berriatuko eskolaren itxura, gaur egun
Urte gutxitan eskolako matrikulazioak gora egin duela azaldu du eskolako zuzendari Izaskun Solabarrietak, eta, horren ondorioz, hainbat moldaketa egin behar izan dituztela.
Duela bost-sei urte etxola bat jarri zuen udalak eskolaren kanpoko aldean, ikasgela faltari irtenbide bat eman nahian. Bertan dira, geroztik, lehenengo eta bigarren mailako ikasleak. Baina hori ere egoera kaskarrean omen dago.
Eskolan, gainezka
Eta eskolako eraikinean dauden gainontzeko gelak ikasgela bilakatu behar izan dituzte, espezialitateentzako tokirik utzi barik. “Ez daukagu ez musika gelarik, ez informatika gelarik, ezta liburutegirik, ez ingeles gelarik ere… Eta
espezialista batek bere gela ez izatea oztopo bat da», dio zentroko zuzendariak. Psikomotrizitatea lantzeko gela bat daukatela gaineratu du, “baina oso txikia, araututakoa baino askoz txikiagoa”. Labur esanda, “gainezka” daude Berriatuan.
Halaber, ikasle batzuek laguntza berezia behar izaten dutela gogoratu du Solabarrietak, eta, batzuetan, gelatik atera behar izaten dira zenbait ikasle, espezialista bategaz egon daitezen. “Eta etorritako pertsona horrek ere espazio bat behar du”.
Duela bi urte ere, eskolak duen aterpe batean beste ikasgela bat atera behar izan zuen udalak, “umeek nonbait egon behar zutelako”.
Egoera horren aurrean,
“hala edo nola” moldatu dira orain arte, baina datorren ikasturtera begira kezka agertu dute, beste talde bat edukiko baitute.
Ikasgela falta, baina, ez da eskolak duen arazo bakarra,
komunak ere urriak baitira. “Goiko pisuan hiru daude: bata mutilentzako pixalekua duena, eta bestea mutilek zein neskek erabili dezaketena. Eta kontuan hartu behar da goian 60 bat ume daudela. Lotsagarria da. Behean ume gutxiago daude, baina jolastorduetan eta bazkalorduan ume guztiek jotzen dute bertara, eta ilara egin behar izaten dute; izan ere, mutilentzako hiru komun eta neska zein mutilentzako beste hiru daude”.
2 urtetik 12 urtera bitarteko umeek dute tokia Berriatuko eskolan, eta jantokian ere txanda bi egin behar izaten dituzte, bakarrean sartzen ez direlako.
Iraganeko eskola
Atzera begira, Berriatuko alkate Jon Arriolak gogoan ditu 40 bat ikasle zeudeneko sasoi hai-
ek: “
Ikasgelez gain, bazegoen liburutegia, baita laborategia ere, irrati gela bat, gimnasia gela…“. Orain, baina, umeek korridoreko apaletan ikus ditzakete lehengo liburutegiko liburuak, eta informatika gelako ordenagailuak, berriz, ikasgeletan bananduta.
Jon Arriola Berriatuko alkatea
Jon Arriola Berriatuko alkatea: “Nahiz eta irakasleek ahalegin handiak egin, hezkuntza kalitatea jaisten da”
“Ito beharreko sentsazioa” dauka zentroko zuzendari eta irakasleak, eta jakin badaki, gainera, espazio falta horrek umeengan ere baduela eragina.
Duela zenbait urtetik honako egoera bestelakoa da; “egoera latza eta larria” da egungoa, alkatearen ustez. “Nahiz eta irakasleek lan handia egin, hezkuntza kalitatea jaitsi egiten ari da eskolak bizi duen egoeragaz”. Hala, hezkuntzak herrian eta gizartean duen garrantzia kontuan hartuta, aldaketa azkar baten beharra ikusi zuen udal gobernu berriak iaz. Aurretik ere behar hori ikusten zuen orduko udal gobernuak, eta egoeraren jabe ziren. Horregatik, eskolarekin eta ikasleen gurasoekin elkarlanean, aldaketa hori lortzeko bide bat egiteari ekin zioten. Eskola handitzeko proiektu bat egin zuten; horrek, baina, aldaketatxo bat egitea eskatzen zuen. Arau subsidiarioa aldatzea eskatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta horretan martxan jarri ziren. Udal gobernu berriagaz, aldaketa hori behin-behinean onartu dute duela gutxi. Orain, beraz,
Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren oniritziaren zain dago Berriatua, haien baiezkoa jaso ostean udalean behin betikoa onartu eta eskola handitzeko lanak hasi ahal izateko.
Izaskun Solabarrieta Berriatuko eskolako irakasle eta zuzendaria
Izaskun Solabarrieta eskolako zuzendaria: “Gogorra izango da, baina, kontzientzia hartu, eta bakoitzak bere aldetik jarri beharko du”.
Gauzak nola doazen ikusita, baina, egun hori ez dute hain gertu ikusten. “Irtenbidea luzatzen dago;
ez dago datarik zehaztuta, ez lanak hasteko ezta bukatzeko ere“. Gainera, obrek irauten duten bitartean “kaos” bat izango da eskola, “etxola bat beharrean, beharbada, hamar bat ekarri beharko direlako”. Zuzendariaren ustez, “gogorra” izango da, “baina, kontzientzia hartu, eta bakoitzak bere aldetik jarri beharko du”.
Hori, hala ere, gutxienekoa izango dela diote Solabarrietak eta Arriolak; gerora, hainbat urtean eskatutako tamainako eskola izango baitute.
Bi-hiru urteren buruan ikusten dute ametsa errealitate bihurtuta. Eta egun hori iritsi bitartean, elkarlanean eta bide beretik jarraituko dute eskolak, gurasoek eta udalak.