Ondarroako 'Arranondo' : 25 urteren ondoren, kalean egoteko konpromisoari eutsiz
Miren Urresti: “Norberari idaztea gustatu arren, ez balego zeinek irakurri, zeinek komentatu, alperrik litzateke”Jendeari irakurtzeko gauzak eskaini behar zaizkiola zioen Augustin Zubikaraik, eta Arranondok konpromiso hori berresten du zenbaki bakoitzeko, sortzailea falta delarik ere. «Bidea Augustinek zabaldu zuen, eta guk jarraitu egin diogu bide horri, hurreko euskara erabilita, bertoko berbak eta esaerak erabilita. Ze esanik ez, jendearen partetik erantzunik jasotzen ez duen aldizkaria bagina, zalantzak edukiko genituzke jarraitu ala ez; gure kasuan jendearen erantzuna ikusirik, ostera, eutsi egiten diogu».
Zuzeneko harremana
Miren Urrestik dio aldizkariaren eta irakurleen arteko harremana bizi dagoela. «Ondarroan sekula ez dugu arazorik eduki gure iritzia emateko, eta irakurleak erraz etortzen zaizkigu, oraintxe daturen bat txarto atera dugula esatera, oraintxe artikulua txalotzera. Faltan botatzen gaituzte berandutzen bagara, edo banaketa ondo egin ez bada. Horrek aurrera egiteko indarra ematen digu. Norberari idaztea gustatu arren, ez balego zeinek irakurri, zeinek komentatu, alperrik litzateke», nabarmendu du Miren Urrestik. Agurtzane Iriondok preso batek kontatzen ziona dauka gogoan. «Kartzelan zelarik, gutun bidez esan zidan kalean zegoenean sekula ez zuela pentsatu Arranondo irakurriko zukeenik, baina barruan, Arranondoren zain egoten zela: lehenengo argazkiak ikusi, eta, negarraldia bota ostean, irakurtzen hasten zela».
Atal guztien artean, Ezagutzen? argazki zaharrak jasotzen dituen orria da arrakastatsuena.
Preso hura modura Ondarroa minez dauden beste lagun ugari dituzte irakurle inguruotan zein erbestean. Horren jakitun dira, hainbat ondarrutar joaten zaizkie-eta, kanpoan bizi diren senide eta lagunei bidaltzeko aleen eske. Eta badaude, egon, hasiera-hasieratik orain arteko zenbaki guztiak batuta dituztenak ere. Bestalde, zenbakiak kontsultatzeko aukera dago foru aldundian zein Ondarroako liburutegian, eta denak jasota ez dauden arren, asko webgunean ere bai. 2003. urtetik gaur egunera artekoak: 163. zenbakitik honakoak.
Atal guztien artean, Ezagutzen? argazki zaharrak jasotzen dituen orria da arrakastatsuena. Joko handia ematen duen tartea da, taldekako irakurketa ahalbidetzen duena. Horrez gain, bertoko berbak eta esaerak jasotzen dituen atalak ere badauzka irakurle finak. Aldizkariaren eta irakurleen arteko harremanaren erakusle, noiz edo noiz, atala faltan bota eta berriro ipini izan dute. «Jendearen ekarpenen zabalik gaude, bai eta artikuluei ere. Nahi izaten dugu, eta neurri batean lortu ere bai, irekita egotea. Ondarroan bizi direnei edo Ondarroagaz lotura daukatenei idazteko aukera ematen zaie; era horretara, beti-betikook bakarrik ez, beste edozeinek ere badauka parte hartzeko aukera», adierazi du Miren Urrestik.
Aldizkaria, zutabe Arranondo kultur elkartea ez da aldizkari hutsa kaleratzera mugatu izan. Hasiera-hasieratik, aldizkariaren argitalpenagaz batera, hortxe dirau andramarietako marmitako lehiaketak . Bidean, kulturari, euskarari eta kirolari lotutako jarduera ugaritan ikusi dira antolatzaile lanetan, nahiz eta gaur egun mantendu ez. Urtarrilean 300. zenbakiak atera ostean, berehala etorri da 301. zenbakia. Hain zenbaki borobilekin aritzeak ez ditu atzera begira jarri. Hori bai, zenbaki bat beste bat baino bereziago izan den galdetuta, denak ados jarri dira: Augustin Zubikarai hil zenean atera zuten monografikoa Aurrera begira jarrita, kalean egotea dute helburu. «Ez da asmo makala. Gaur egun ekimenetan parte hartzea zenbat kostatzen den kontuan hartuta, ez da gutxi. Batzuentzat ez da izango nahikoa; guk geuk ekarpen horixe egiten diogu herriari, aldizkaria (urtean 11 zenbaki) eta urteroko andramarietako marmitako lehiaketa».Zenbaki bat beste bat baino bereziago izan den galdetuta, denak ados jarri dira: Augustin Zubikarai hil zenean atera zuten monografikoa