Josu Arrizabalaga (EH Bildu) alkateak dimisioa aurkeztu eta gero, gaur [otsailak 19], Ondarroako udal taldeak alkate barria izendatzeko prozesuari hasiera eman dio, herri batzarragaz.
Kofradia Zaharrean egin da batzarra, areto bete jenderen aurrean. Ondarroako Udaleko
hainbat zinegotzi eta ordezkari izan dira bertan, eta, besteak beste, prozesua zelan gauzatuko den azaldu dute.
Josu Arrizabalaga alkate ohia eta Txomin Etxaburu zinegotzi ohia ere
han izan dira.
Kofradia Zaharra bete-bete egin da.
Lehenik eta behin, azken gertaeren harira, herritarrei
barkamenak eskatu nahi izan dizkiete udal ordezkariek. “Gauzak beste modu batera egin nahi genituen. Baina, egoerak behartuta, horrela gertatu da”, aurreratu dute. Hain justu, hitz horiek esan dituena Leire Beitia izan da, hauteskundeetako EH Bilduren zerrendan hamargarren zegoena.
Josu Arrizabalagaren eta Txomin Etxabururen dimisioak tarteko, Beitia, orain, zinegotzi izatera pasatu da. Berdina gertatu da Idurre Ibazetarekin (bederatzigarren zegoen zerrendan). Arrizabalagak eta Etxaburuk utzi duten hutsunea ere azpimarratu dute.
Beitiak alkate berria izendatzeko
prozesua goitik behera azaldu du. “Udal taldearen ustetan, orain arte egin modura, herritarrek aukeratu behar dute alkate berria”.
Alkate izan ahal direnak
zerrenda baten bildu dituztela agertu du Beitiak. Eta alkatearekin eskuz esku lan egingo duen
alkate laguntzaile figura ere aukeratu ahalko dela esan du. “Alkate izendatzen denak udaletxean egon beharko du egunero. Eta egiteko asko izango ditu. Beraz, uste dugu laguntzaile bat ere beharko duela. Beraz, alkatea aukeratzeko prozesu honetan alkatearen laguntzailea ere zein izango den herritarrek erabaki ahalko dute”. Dena dela, herritarrek, banatu duten
zerrendatik kanpo beste nor edo nor proposatu nahi badute, atzeko aldean herritar horren izena ipini ahal dutela esan diete.
Ondarroako alkate berria aukeratzeko herri batzarra
Martxoaren 3an (18:30ean Kodradia Zaharrean)
beste herri batzar bat egingo da eta horretan herritarrek
zerrenda horretan bozkatutakoa bistaratuko dutela azaldu du Beitiak; batzuk gaur bozkatu badute ere, nahi duenak martxoaren 3an bertan eman ahalko du botoa. Aldi berean, udal taldeak ere zerrenda horren inguruan hautagairik egokiena zein den erabakitzeko gogoeta egingo duela gaineratu du. “Eta martxoaren 3an dena mahairatuko da”.
Alkatearen dimisioa otsailaren 25eko udal batzarrean ofizialki onartuko dela azaldu du. “Orduan, Legeak 15 eguneko epea ematen du alkate berria aukeratzeko”.
Rakel Elu ez dago hautagaien artean
Beitiak, alkate edo alkate laguntzaile izateko zerrenda horretan Rakel Eluren (zerrendan bigarrena eta alkateordea) izenik ez dagoela gaineratu du. “Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakaria da. Eta EH Bilduk asko kostata lortu du lehendakaritza hori. Bi postuak ez dira bateragarriak, eta ondorioz, Elu ez dago hautagaien artean”.
Rakel Elu: Gertatutakoa gertatuta ere, udal taldea lan egiteko indartsu eta ilusioz dago; inoiz ez ditugu ahaztu zeintzuk diren herriak dituen premiak
Eluk berak ere Amankomunazgoaren lehendakaritzan jarraitzearen garrantzia berretsi du. “Eskualdearen garapenari begiratuta, Amankomunazgoaren kudeaketa EH Bilduren esku egotea urte asko eta geroko lorpen handi bat izan da. Eta ez litzateke bidezkoa izango, orain, lehendakaritza hori lagatzea. Besteak beste, eskualdeko gainerako herritarrenganako ere errespetu falta izango litzatekeela uste dugulako”.
Udal taldea, “indartsu”
Eluk, gainera, Arrizabalagari eta Etxabururi egindako lana eskertu nahi izan die. Eta bide batez, gertatutakoa gertatuta ere, “
udal taldea indartsu eta ilusioz” dagoela gaineratu du. “Udalak ez du inoiz etenaldirik eduki. Eta beti argi izan dugu eta daukagu zeintzuk diren herriak dituen premiak. Beraz, indarrez eta ilusioz, udal taldeak herritarrentzako eta herriarentzako lanean jarraituko du”.
Rakel Elu eta Leire Beitia
Loren Arkotxa herritarrak eta alkate izandakoak (orain alkate edo alkate laguntzaile izateko hautagia da) EH Bilduren hauteskundeetako
ordezkoen zerrendako edo zerrendatik kanpo dagoen norbait aukeratzeak daukan arriskuaz ohartarazi du. “Herritarrok ordezkoen zerrendan azken dagoena aukeratzen badugu, atzeko hori gora igotzeko, gainerako ordezkoek euren ordezko izaerari muzin egin beharko diote. Eta ordezkoetan ez dagoen bat izendatzeko ere, ordezko guztiek muzin egin beharko dute. Oraindik hiru urte eta erdi geratzen dira eta ez da komeni ordezkoen zerrenda hutsik geratzea, edozer gerta liteke eta”. Zinegotzi direnekin ez dago arrisku hori, euren zinegotzi postua hauteskundeetan lortu baitzuten.
Horrez gain, Arkotxak, alkate berria legeak ezarritako epean aukeratu behar dela nabarmendu du. “Osterantzean, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeaketa batzorde bat ipiniko du”.