Nafarroa hegoaldeak berezko dituen produktuak gure eguneroko kontsumo ohituretara ekartzen jarraitzen du Errigorak, Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura izeneko kanpainaren bidez. Oraingoan, oliba-olio birjina estra ekologikoa edo konbentzionala eskuratzeko kanpaina zabaldu du. Martxoaren 2ra bitartean eskatu ahalko dira bost litroko bidoiak, “ekoizle zein kontsumitzaileentzat bidezkoa den prezioan”.
2014an, egindako lehen kanpainan, errota bakarrak parte hartu zuen, baina urtez urte ekoizleak gehitzen joan da Errigora. Hala, iaz bi errotak ekoiztutako olioa saldu zuen, eta aurten lau errotaren olioa dakar: Cascanteko La casa del aceiterena, Ablitasgo kooperatibarena, San Isidro del Pinarreko Bardeak-ena eta Arroitzeko Ekolorena. Errotek duten prezio berean salduko ditu bidoiak Errigorak; hain zuzen, bidoi ekologikoa 32 euroan, eta konbentzionala 22,5 euroan.
Iazko Errigoraren kanpainako olioa
Aurrerantzean gehiago batu daitezkeen arren, 50 bat herrik parte hartuko dute kanpainan; tartean, Ondarroak eta Lekeitiok. Eskaerak ohiko lekuetan egin beharko dira; ikastetxe, euskaltegi, lantoki, taberna, denda eta abarretan banatuko diren eskuorriak beteta. Halaber, www.errigora.eus webgunearen bitartez ere bidera daitezke eskabideak. “Olioa jasotzeko eguna eta lekua eskaera egiterakoan zehaztuko da, eta ordainketa ere orduantxe egin beharko da”.
Kanpaina bat, helburu asko
Nafarroa hegoaldeko produktuak eskatzeko aukera emateaz gain, “kontsumo eredua aldatzeko gonbitea” da Eskutik eskura kanpaina, eta baita “kontsumitzaile arduratsuak herriz herri saretzeko saiakera” ere. “Auzolana bitartekari, talde handietan antolatuta, eskaera handiak bideratzeko modu bat” eskaintzen du Errigorak. “Orain arte, 50 bat herritan 3.000 etxe inguru saretu gara eta, iazkoan, 9.100 bidoi banatu genituen; 45.500 litro olio”.
Hala, norbanakoari on egiteko ez ezik, “gure inguru hurbilari” ere on egiteko modua da Eskutik eskura. Batetik, eskatzaile bakoitzak kalitatezko produktua jasoko duela nabarmendu du Errigorak, “euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan”. Bestetik, denen artean, “bertako ekoizpenari bultzadatxoa emango” zaiola, “ingurumena zaintzen lagunduko” dugula eta “euskal lurraldeen arteko harremanak sustatzen” ariko garela dio. Azkenik, “euskarari ere on egingo diogu, ekoizleak euskarara oraindik gehiago erakarriz”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.