Mutrikuko Udal Ongizate sailak eta Mutrikuko
Minbiziaren aurkako elkarteak antolatuta,
martxoaren 2an, koloneko minbiziari aurre egiteko jardunaldi mediko-gastronomikoa egingo da San Agustin kaleko Etxekalte elkarte gastronomikoan,
18:30etik aurrera. Jardunaldia, hain zuzen ere, martxoaren 31n ospatuko den Koloneko minbiziaren aurkako nazioarteko egunarekin lotuta dago.
Gipuzkoako Minbiziaren aurkako elkartea duela bost urte hasi zen antzeko ekimenak antolatzen, eta Mutrikun,
bigarrenez egingo dute jardunaldia. Lehen jardunaldia 2013an egin zuten, eta elkarteko arduradunen iritziz aurrekoa oso arrakastatsua izan zen. “Etxekalte jendez bete-bete egin zen, eta oraingoan ere horrela gertatzea nahi dugu. Oso topaketa interesgarria izan zen, eta bertaratu zen jendeak aktiboki parte hartzeko aukera izan zuen”.
Mutrikuko Etxekalte elkarte gastronomikoa
Aurtengoan, elikadurari buruzko ikuspegia jorratzeko Donostiako
Illarra jatetxeko Joxean Eizmendi sukaldaria etorriko da Mutrikura, eta berarekin batera, ikuspegi medikua jorratzeko, aldiz, Arantza Aranburu medikua. Solasaldian parte hartuko duten bi adituek koloneko
minbiziari aurrea hartzeko elikadurak duen garrantzia izango dute hizpide. Izan ere, 50 urtetik gorako emakume zein gizonezkoen artean eragin gehien duen gaixotasuna da koloneko minbizia. “Besteak beste, minbizia saihesteko neurriak sukaldetik bertatik hartzen hasi gaitezkeela ikusteko eta ikasteko aukera izango da”.
Saioari dagokionez, Arantza Aranburu medikuak esteak zaintzeko zeintzuk elikagai diren komenigarriak edo zeintzuk saihestu beharko liratekeen azalduko du, eta horrekin batera, jaki horiek esteetan duten eragina azalduko du modu grafikoa batean. Sukaldariak, gero, horiek zelan prestatu azalduko du, eta horrez gain, menu osasuntsu bat ere prestatuko du. Azkenik sukaldutakoa probatzeko aukera ere egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.
Saioa doakoa izango da, eta bertan parte hartu ahal izateko aurretik eman beharko da izena udaletxeko 943- 60 32 44 telefonora deituta. Antolatzaileek iragarri dutenez,
plaza mugatuak izango dira. “Elkartean, gehienez, 40 lagunentzako tokia dago eta”.
Elikadura osasungarria, berebizikoa
Minbiziaren aurkako elkarteak igorritako datuen arabera, euskaldunen artean kolonekoa da minbizirik ohikoena, prostataren eta bularreko minbiziaren atzetik. Minbizia kasu guztien %14,6 kolonekoak izaten dira.
Aparatu digestiboko minbizi bat denez, jan-neurriak funtsezko garrantzia du minbizia agertzeko prebenitzeko garaian
Adituen arabera, bizi-estiloekin erabat lotua dagoen gaixotasuna da; hala, jan-neurri osasungarriak eta ariketa fisikoak gaitza jasateko arriskua murrizten laguntzen dute. “Gure bizitzeko moduarekin loturarik gehien duten minbizietako bat da, eta, horregatik, baita prebenitzeko errazenetakoa ere”.
Aparatu digestiboko minbizi bat denez, jan-neurriak funtsezko garrantzia du minbizia agertzeko prebenitzeko garaian. Beste hainbat gaitzetan gertatu modura, kasu honetan ere dieta mediterraneoa da alternatibarik onena. Egun, elikadura orekatu bat, tabakoa eta alkohola bezalako toxikorik gabekoa eta ariketa fisikoa dira patologia hau prebenitzeko faktoreak.