Ondarroako Udalak alkate berria aukeratzeko prozesua abiarazi du
Idurre Ibazeta eta Leire Beitia zinegotzi izatera pasa dira, azken dimisioak tarteko. Alkatea martxoaren 3an aukeratu da. Alkate berria legeak ezarritako epean aukeratu beharko daJosu Arrizabalaga (EH Bildu) alkate ohiak dimisioa aurkeztu eta gero, bar...
Idurre Ibazeta eta Leire Beitia zinegotzi izatera pasa dira, azken dimisioak tarteko. Alkatea martxoaren 3an aukeratu da. Alkate berria legeak ezarritako epean aukeratu beharko da
Josu Arrizabalaga (EH Bildu) alkate ohiak dimisioa aurkeztu eta gero, barikuan, Ondarroako udal taldeak alkate berria izendatzeko prozesuari hasiera eman zioten, herri batzarragaz.Kofradia Zaharrean egin zen batzarra, areto bete jenderen aurrean. Ondarroako Udaleko hainbat zinegotzi eta ordezkari izan ziren bertan, eta, besteak beste, prozesua zelan gauzatuko den azaldu zuten. Josu Arrizabalaga alkate ohia eta Txomin Etxaburu zinegotzi ohia ere han izan ziren.
Lehenik eta behin, azken gertaeren harira, herritarrei barkamenak eskatu nahi izan zieten udal ordezkariek. «Gauzak beste modu batera egin nahi genituen. Baina, egoerak behartuta, horrela gertatu da», aurreratu zuten. Hain justu, hitz horiek esan zituena Leire Beitia izan zen, hauteskundeetako EH Bilduren zerrendan hamargarren zegoena. Josu Arrizabalagaren eta Txomin Etxabururen dimisioak tarteko, Beitia, orain, zinegotzi izatera pasatu da. Berdina gertatu da Idurre Ibazetarekin (bederatzigarren zegoen zerrendan). Arrizabalagak eta Etxaburuk utzi duten hutsunea ere azpimarratu zuten.
Beitiak alkate berria izendatzeko prozesua goitik behera azaldu zuen. «Udal taldearen ustetan, orain arte egin modura, herritarrek aukeratu behar dute alkate berria».
Alkate laguntzailea ere bai
Alkate izan ahal direnak zerrenda baten bildu dituztela agertu zuen Beitiak. Eta alkatearekin eskuz esku lan egingo duen alkate laguntzaile figura ere aukeratu ahalko dela esan zuen. «Alkate izendatzen denak udaletxean egon beharko du egunero. Eta egiteko asko izango ditu. Beraz, uste dugu laguntzaile bat ere beharko duela. Beraz, alkatea aukeratzeko prozesu honetan alkatearen laguntzailea ere zein izango den herritarrek erabaki ahalko dute». Dena dela, herritarrek, banatu zuten zerrendatik kanpo beste nor edo nor proposatu nahi badute, atzeko aldean herritar horren izena ipini ahal dutela adierazi zuten.
Martxoaren 3an (18:30ean Kodradia Zaharrean) beste herri batzar bat egingo da eta horretan herritarrek zerrenda horretan bozkatutakoa bistaratuko dutela azaldu zuen Beitiak; batzuk barikuan bozkatu bazuten ere, nahi duenak martxoaren 3an bertan eman ahalko du botoa. Aldi berean, udal taldeak ere zerrenda horren inguruan hautagairik egokiena zein den erabakitzeko gogoeta egingo duela gaineratu zuen. «Eta martxoaren 3an dena mahairatuko da».
Bestalde, alkatearen dimisioa biharko udal batzarrean ofizialki onartuko dela ere azaldu zuten. «Orduan, Legeak 15 eguneko epea ematen du alkate berria aukeratzeko».
Elu, amankomunazgoan
Jendartean aurkeztutako zerrendari dagokionez, Beitiak, alkate edo alkate laguntzaile izateko zerrenda horretan Rakel Eluren (zerrendan bigarrena eta alkateordea) izenik ez dagoela gaineratu zuen. «Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakaria da. Eta EH Bilduk asko kostata lortu du lehendakaritza hori. Bi postuak ez dira bateragarriak, eta ondorioz, Elu ez dago hautagaien artean».
Eluk berak ere Amankomunazgoaren lehendakaritzan jarraitzearen garrantzia berretsi zuen. «Eskualdearen garapenari begiratuta, Amankomunazgoaren kudeaketa EH Bilduren esku egotea urte asko eta geroko lorpen handi bat izan da. Eta ez litzateke bidezkoa izango, orain, lehendakaritza hori lagatzea. Besteak beste, eskualdeko gainerako herritarrenganako ere errespetu falta izango litzatekeela uste dugulako».
Udal talea, «indartsu»
Eluk, gainera, Arrizabalagari eta Etxabururi egindako lana eskertu nahi izan zien. Eta bide batez, gertatutakoa gertatuta ere, «udal taldea indartsu eta ilusioz» dagoela gaineratu zuen. «Udalak ez du inoiz etenaldirik eduki. Eta beti argi izan dugu eta daukagu zeintzuk diren herriak dituen premiak. Beraz, indarrez eta ilusioz, udal taldeak herritarrentzako eta herriarentzako lanean jarraituko du».
Loren Arkotxa herritarrak eta alkate izandakoak (orain alkate edo alkate laguntzaile izateko hautagia da) EH Bilduren hauteskundeetako ordezkoen zerrendako edo zerrendatik kanpo dagoen norbait aukeratzeak daukan arriskuaz ohartarazi zuen. «Herritarrok ordezkoen zerrendan azken dagoena aukeratzen badugu, atzeko hori gora igotzeko, gainerako ordezkoek euren ordezko izaerari muzin egin beharko diote. Eta ordezkoetan ez dagoen bat izendatzeko ere, ordezko guztiek muzin egin beharko dute. Oraindik hiru urte eta erdi geratzen dira eta ez da komeni ordezkoen zerrenda hutsik geratzea, edozer gerta liteke eta». Zinegotzi direnekin ez dago arrisku hori, euren zinegotzi postua hauteskundeetan lortu baitzuten.
Horrez gain, Arkotxak, alkate berria legeak ezarritako epean aukeratu behar dela nabarmendu zuen. «Osterantzean, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeaketa batzorde bat ipiniko du».