Bermeoren edertasuna argazkietan
Bermeo erakusten duten argazkien erakusketa jarri du Txaber Miravallesek Gernika-Lumoko Astran; itsasoa eta kostaldea erretratatu ditu, batik bat; argazkiak martxoaren 21a arte izango dira ikusgai.Bermeo, portua, itsasoa... Kamara eskuan, urteak eman d...
Bermeo erakusten duten argazkien erakusketa jarri du Txaber Miravallesek Gernika-Lumoko Astran; itsasoa eta kostaldea erretratatu ditu, batik bat; argazkiak martxoaren 21a arte izango dira ikusgai.
Bermeo, portua, itsasoa… Kamara eskuan, urteak eman ditu Txaber Miravalles etxebarritarrak Bermeon argazkiak ateratzen. Gehienbat, itsasoa erretratatu duela dio argazkilariak. «Itsasoa, itsasotik portura eta portutik itsasora».Bermeon edertasuna erraz aurki daitekeela uste du argazkilariak; Bermeon bizi da gaur egun, eta hasiera batean, herriaren lilurak erakarri ziola dio. «Edertasuna eskaini dezakeen herria da Bermeo, eta horrek erakarri ninduen».
Sarritan oharkabean geratzen direnak balorean jartzea izan da, hain zuzen, Miravallesen asmoetako bat.
Hamabi argazki
Itsasoa, olatu horma, hondartza, harriak, gaua, izarrak… Elementu ugari biltzen dituzte bere argazkiek, eta horien konposizioari garrantzia ematen dio; argazki politak egin nahi dituela dio.
Astran 12 argazki ipini ditu erakusten, eta azken 3 urteetan atera dituenen artean egin du aukeraketa. Politagoak ere izango dituela dio Miravallesek, «baina hori ere subjektiboa da», dio.
Astrara bere gustuko argazkiak ekarri dituela azaldu du, eta denboraleak erakusten dituzten argazkirik ez dagoela. «Izan baditut, baina ez ditut ekarri. Ez dago piszuko arrazoirik», esan du.
Martxoaren 21a bitartean izango dira argazkiak ikusgai, Astrako lehenengo solairuan.