Zinegoak jaialdia Bermeo, Gernika eta Ondarroara iritsiko da martxoan
Bermeora martxoaren 9an eta 10ean iritsiko da; Gernika-Lumora martxoaren 16an eta 17an, eta Ondarroaro martxoaren 30ean eta 31n. Zortzina lan egongo dira bakoitzeanAstelehenean Bilbon hasitako Zinegoak jaialdia otsailaren 29an bukatuko da; hala ere, ha...
Bermeora martxoaren 9an eta 10ean iritsiko da; Gernika-Lumora martxoaren 16an eta 17an, eta Ondarroaro martxoaren 30ean eta 31n. Zortzina lan egongo dira bakoitzean
Astelehenean Bilbon hasitako Zinegoak jaialdia otsailaren 29an bukatuko da; hala ere, hainbatek egindako lanari esker, Euskal Herriko hainbat udalerritan izango du jarraipena; esaterako, Bermeon, Gernika-Lumon edota Ondarroan.Zinegoak jaialdiaren helburu nagusia kalitateko zinema eskaini eta aretoak adin eta mota guztietako jendez betetzea da. Hori horrela, areto komertzialetara helduko ez diren filmak bildu ditu Bilbon egiten den gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren hamahirugarren edizioak.
Zinegoak Hedapenaren helburua Bilboko jaialdian aurkeztutako lanak udalerrietara zabaltzea da, «zailagoa zaielako lan horiek eskuratzea». Horregaz batera, aniztasunari eta kulturari lotutako ekintzak eskaintzea ere badu xede. Gauzak horrela, lan handia egin dute hedapen hori zabalagoa izate aldera, eta lortu egin dute. Izan ere, Euskal Herriko 30 bat udalerritan egongo da film laburrez, film luzeez, dokumentalez, ipuin kontalariez eta beste hainbatez gozatzeko aukera.
Berriro Gernika-Lumon
Bermeon eta Ondarroan, esaterako, lehenengo aldia izango da Zinegoak jaialdia hartuko dutena. Ez da gauza berria izango, berriz, Gernika-Lumorentzat; aurretik ere, antolatu izan baitituzte proiekzioak.
Hain zuzen, zortzina dira Bermeon, Gernika-Lumon eta Ondarroan ikusiko diren lanak. Nestor Basterretxea aretoak hartuko ditu Bermeon ikusi beharreko film-labur eta dokumenatalak martxoaren 9an eta 10ean. Egun bi horietako proiekzioak 19:30ean hasiko dira.
Gernika-Lumoko Elai Alai aretoak, berriz, martxoaren 16an eta 17an hartuko du Zinegoak dakartzan lanak, 20:00etatik aurrera.
Ondarroa izango da hiru herrietan azkena. Martxoaren 30 eta 31 bitartean, Beikozini aretoan bilduko dira horretarako. Bermeon bezala, 19:30ean hasiko dira proiektatzen egun bi horietako lanak.