Bizi guztian eskulanak oso gustuko izan ditu Nagore Basterretxeak (Ondarroa, 1978). Pandutxa izeneko panpinak lagunei oparitzen hasi zen duela urte batzuk, baina horiek izan duten arrakasta ikusirik, saldu ere egiten ditu, beste hainbat sorkuntza berrigaz batera.
Nola bururatu zitzaizun zure eskulanak saltzen hastea?
Eskulanak egitea betidanik oso gustuko izan dut, eta askotan, familian eta lagunartean nik egindako eskulanak oparitzen nituen. Lagunek eta etxekoek oparitutako eskulanak oso gustuko zituztela eta horiek saldu egin behar nituzkeela hainbat bider errepikatu ondoren, eskulanak kanpora begira egiten hastea erabaki nuen.
Noiz izan zen hori?
Orain hiru bat urte nire sormenak Zurrumurrun saltzen hasi nintzen.
Nagore Basterretxea, eskulanak egiten dituen lantegian
Eta hori?
Behar izaten dudan materiala beti bertan erosten dudanez, erakusleihoa bere dendan izango nuela agertu zidan Valentinek. Horrela ba, sorkuntzaren bat edo beste egiten nuenean, bertara eramaten nuen, eta pixkanaka saltzen hasi ziren.
Zer eskulan hasi zinen saltzen lehendabizi?
Fofutxa izeneko panpinak egiten hasi nintzen. Nire fofutxek, gainera, izen berezia dute.
Zein ba?
Nire familiari eta niri Pande deitzen digute. Lagun bati fofutxa ordez, Pandutxa deitu beharko niekeela bururatu zitzaion, eta hortik aurrera, nire panpinak Pandutxa izenagaz ezagutzen dira nire inguruan.
Pandutxei dagokienez, horiek zuk nahi modukoak ala eskariz egiten dituzu?
Hasieran, nik nahi nituen modukoak egiten nituen, baina horiek, gero, pertsonalizatzen hasi nintzen.
Eta zelan pertsonalizatzen dituzu?
Bezeroek bateren baten itxura emateko eskatzen didate. Askorek argazkiak ekartzen dizkidate, eta pertsona hori nolakoa den azaldu, panpinari norbere itxura ahalik-eta modu zehatzenean emateko.
Zelan?
Ilearen kolorea, orrazkera, begien kolorea, jantziak… edo pertsona hori identifikatzen lagunduko duen osagarri bereziren bat edo beste erabiltzen dut. Askok nik egindako lanen bat ikusi, eta berdin-berdina egiteko eskatu ohi izan didate, baina eskuz egindako gauzak direnez, sekula ez dira berdinak izaten. Horrez gain, niri ere ez zaizkit denak berdin-berdinak izatea gustatzen, bakoitza desberdina izatea gustatzen zait, bere erara. Askok lehen itxuran berdinak badirudite ere, panpina bakoitzak bata bestearengandik desberdintzen duen berezitasunen bat edo beste izaten du.
Panpin pertsonalizatu horiek egitea zaila al da?
Batzuetan ez da oso erraza, eta hartara, ordu gehiago behar izaten dut. Izan ere, panpina bakoitza bere xehetasun guztiekin egitea gustatzen zait.
Nagore Basterretxea
Eta material aldetik, zer erabiltzen duzu?
Material asko erabiltzen ditut, baina, batez ere,
foam deiturikoa erabiltzen dut.
Enkarguak nongo jendeak egiten dizkizu?
Asko ondarrutarrak izaten dira, baina eskualdetik eta inguruetatik ere, egia esan, eskari asko jasotzen ditut: Berriatutik, Mutrikutik, Zarauztik, Bilbotik… Orain, beharbada, Ondarroatik baino, kanpotik eskari gehiago jasotzen ditut.
Eta kanpoko jende horrek zelan jakin du zure lanen berri?
Ahoz aho joan da zabaltzen. Nik Zurrumurru dendagaz eduki dut orain harteko harreman zuzena, eta Valentini esker ere nahikoa zabaltzen joaten da. Eta orain,
Facebook bitartez ere, nahikoa zabaldu da sarea. Internetetik, adibidez, egindako hainbat lan ikusi daitezke, eta zuzenean eskatu ere bai.
Urte osoan jasotzen dituzu eskariak ala badago eskari gehiagoko sasoirik?
Egia esan, urte osoan nahikoa eskari jasotzen ditut, baina, batez ere, Gabonetan eskari asko jasotzen ditut. Aurten, esate baterako, denak egiteko nahikoa denborarik ez nuenez, batzuei ezetz ere esan behar izan diet, bestelakoan ezin izango nituen denak sasoiz banatu. Gabonetan ez eze, jaunartzeetarako eta ezkontzetarako ere eskari asko izaten ditut.
Nagore Basterretxea, bere sormenetako batekin eskuan
Pandutxa hauetako bat egiteko zenbat denbora behar izaten duzu?
Eskua hartuta ditudanak, Athleticekoak, Realekoak… ondo-ondo nire gustura egiteko, bost bat ordu behar dira.
Azkar, ezta?
Ez dirudien bezain azkar. Begiak, esate baterako, pintzelagaz margotzen ditut, eta horrek sikatzeko denbora behar izaten da, beraz, ez da jarri eta bost orduan bat amaitzen, bakoitzak bere osatzeko denbora behar izaten du. Eskari bereziekin, bestalde, egunak egoten naiz. Ahalik-eta xehetasun gehien sartzen ahalegintzen naiz, eta xehetasun horiek guztiak egiteko denbora gehiago behar izaten da. Bestalde, erabiltzen duzun materialaren arabera ere, denbora gehiago edo gutxiago behar izaten da. Material desberdinak erabiltzen badira, hori egiteko lana ere gehitu egiten da, eta askotan eguraldiaren arabera, gehiago edo gutxiago behar izaten da sikatzeko.
Banaka edo taldeka sortzen dituzu?
Ahal badut, ahalegintzen naiz panpinaren zati berak batera egiten. Gaur adibidez, buruak egingo ditut, eta bihar, ostera, eskuak…, eta horrela. Gero xehetasunak egiteko aprobatxetzen dut.
Noiz egiten dituzu?
Ahal dudanean.
Txomin Agirre ikastolan behar egiten dut goizetan, eta familiako zereginen ostean, denbora libre gutxi izaten dut.
Hasi zinenez geroztik, panpinak era berdinean egiten dituzu?
Oro har, nahikoa berdintsu egiten ditut, baina gauza berriak ikasten joan naizenez, horiek ere sartzen joan naiz, pixkanaka. Materialak ere, gero eta gehiago ari dira sortzen, eta orain, material ezberdinak probatzen ari naiz, modu horretara, prozesua erraztuz. Material gehiago ari naiz probatzen, etorkizunean gorputzari forma desberdinak ere eman ahal izateko. Orain, adibidez, termoformatutako buruak probatzen hasi naiz.
Pandutxekin hasi zinen, baina horren ostean gauza gehiago ere egiten hasi zara, ezta?
Nire alaben urtebetetzeetarako edo beste batzuei egindako opariak ezagunak bihurtu dira, eta horiek gero egiteko eskatu izan didate.
Zer, esate baterako?
Albumak, koadroak, neurgailuak, apaingarriak, lehen jaurnartzeetarako koadernoak, boligrafoak, pertxak, urtebetetzeetarako gozo-eltzeak, belarritakoak, diademak…, edozer eskatzen didatela ere, hori egiten ahalegintzen naiz.
Ideia horiek nondik jasotzen dituzu?
Azoketara joaten naiz, eta horrez gain, Internetek ere asko laguntzen du. Hemen panpinen mundu hau oso ezaguna ez baldin bada ere, atzerrian horiek egiteko eskolak ere ematen dituzte.