EH Bilduk Mendieta ontziolari buruzko galdetegi bat helarazi dio Espainiako gobernuari Lekeitioko ontziola zaharraren etorkizuna argitzeko asmoz. Mendietako ontziola Lekeitioko Ondare industrial historikoaren parte da, arrantzari lotutako iragan oparo baten erakusle, eta gaur egun, bere egoera juridiko korapilatsuaren ondorioz, desagertzeko arriskuan dago.
“Mendieta ontziolaren egoera juridikoa korapilatsua da eta bere etorkizunaren gaineko ardura behin baino gehiagotan ailegatu da Bizkaiko Batzar Orokorretaraino. Hala ere, gaur egun duen egoera juridikoa dela eta, ezin izan da gehiegirik egin bere mantenimendua bermatzeko”, azaldu du EH Bilduk.
Mendieta ontziola.
Hori dela eta, Lekeitioko bizilagun eta erakundeek Mendieta ontziolaren gainean duten ardura azaldu, eta ontziolaren iraungitze txostenari zergatik ez dioten irtenbiderik aurkitu, galdetu diote gobernuari. Ustiaketaren gaineko ze jarraipen egin duten, Lekeitioko Udalagaz kontaktuan jarri diren eta ontziola mantentzeko plangintzarik duten ere jakin nahi du EH Bilduk. Horrez gain, ustiaketak ontziolaren jardueragaz lotuta daudela kontuan izanik, eta Mendietakoa orain dela 20 urte amaitu zela jakinda, ustiaketa baimenen epea luzatuko duten ere zehaztea eskatu diote.
Mendieta ontziolaren kasua geldirik dago orain dela urte batzuetatik, eta Kosta Zuzendaritzak Bilbon duen delegaritzak bideratutako iraungipen txostenaren arabera, bere ustiaketarako baimena 2018an amaituko da. “Txosten hori, gaur egun oraindik, Madrilen irtenbiderik eman barik aurkitzen da”.
EH Bilduk jakinarazi duenez gainera, 2010 urtean jadanik, Mendietako ontziolari emandako baimenak berraztertzear zeuden, amaiera emateko proposamenagaz, emakidadunen heriotzagatik eta tituluak ez betetzeagatik.
Guzti horregatik, Mendietaren egoeraren aurrean Espainiako gobernuak jarraituko duen prozedura zein izango duen galdetzea erabaki du EH Bilduk.