Eten barik 25 urtean, eta eten barik atzo iluntzetik [barikua, 26] bihar iluntzera arte [domeka, 28]. Ondarroako Radixu irratiak (105.5 FM) bizi-bizi jarraitzen du, mikrofonoei ahotsa eta doinua jartzen. Binilo artin galdute irratsaioak hasi zituen atzo 48 orduak. Mikel Laboa ekarri zuten gogora, haren omenez argitaratutako disko bigaz: Txerokee (Iz-Elkar 1990) eta Txinaurriak (Bidehuts, 2010). Kritikal blues-ekin sartu dira entzuleak zapatuko ordu txikietan, eta saioz saio, Terranobako salau irratsaio beteranoa ailegatu da gaur 1o:00etan [otsailak 27], ohi duen egun eta ordu berean.
Jesus Mari Arkotxa, ‘Terranobako salau’ irratsaioan
Ia 22 urte daramatza Jesus Mari Arkotxak herriko irrati librean, eta ez dauka lagatzeko asmorik. “Urrian 22 urte beteko dira Radixun irratsaio hau egiten hasi nintzenetik, eta jarraituko dut. Asko gustatzen zait”, esan du. 12:00etara bitartean, musikari egin dio tartea: Alemania, Errusia, AEB, Ingalaterra eta beste hainbat herrialdetako taldeak izan dira entzungai.
Irratsaio berezia egin dute 48 orduetan
Eta 12:00etan hasi eta 14:00ak arte, irratsaio berezi bat, 25. urteurrena tarteko: Radixun noiz edo noiz aritu izan diren herritarren testigantzak entzun ahal izan dira. Esatariak, Nekane Akarregi, Iban Rekalde, Aitor Alegria eta Aritz Olea. Galderei erantzuten eta solasaldian, Valentin Zubikarai (Sustrai Erreak), Koldo Ituarte (Kontsome zopa), Nerea Alkorta (Albistegia) eta Larraitz Ibaibarriaga (Leokadin azpiko goni, Albistegia). Pasarte eta pasadizo ugari kontatu, eta herrian irrati libre bat izateak daukan garrantzia azpimarratu dute, sorrera eta lehen urteak gogora ekarrita. Ibaibarriagari, bestalde, HITZA egunkariaz galdegin diote. Joan den azaroan 12. urteurrena beteta, egunkaria etxean jasotzeak daukan garrantzia azpimarratu du kazetariak: “Harpidedunak behar ditu HITZAk aurrera jarraitzeko; ezinbestekoak ditugu proiektua bideragarria izan dadin. Papereko edizioa dagoelako egon ahal da eskualdeko informazioa webgunean eta sare sozialetan ere”, nabarmendu du.
Iban Rekalde, irratsaio berezian
Eta elkarrizketa batetik bestera jauzi eginda, Radixuren 25 urte hauetan herriko albisteak komunikabideetan zabaldu izan dituztenen testigantzak jaso dituzte ostean. Miren Urrestik (Arranondo) eta Lore Bengoetxeak (Egin, Egunkaria) urte haiek ekarri dituzte gogora, bizipenez bizipen. Iazko Zapato Azulari eskainitako irratsaioaren txanda izan da gero. 48 orduek eten barik jarraituko dute bihar iluntzera arte. Eta ez dira hor amaituko 25. urteurreneko ekimenak: 48 orduen ostean, ospakizunekin jarraituko du Radixuk; martxoaren 18an, Portuko Ranpan, Porco Bravo eta Eratu egongo dira kontzertuan.
48 ORDUAK
OTSAILAK 27, ZAPATUA
03:00-05:00. OST
05:00-09:00. Ondarruko hooligansak.
09:00-12:00. Terranobako salau.
12:00-14:00. Irratsaio berezia.
14:00-16:00. Zapato Azule (2015).
16:00-18:00. Sputnik ole.
18:00-20:00. KBB.
20:00-22:00. The Adicts
22:00-01:00. Hilbehera+SDR
OTSAILAK 28, DOMEKA
01:00-03:00. Autobus gratix al sanatorio.
05:00-11:00. Azken mohikanoak.
11:00-13:00. Ein daigun bidi.
13:00-14:00. Lorituk FM.
14:00-16:00. Naranja azule.
16:00-18:00. Time to roots.
18:00-20:00. Erozemat.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.