Lekeitioko Udala 39. Euskal Zine Bilera, euskara hutsean egiten den zine bilera bakarra, antolatzeari ekin dio, eta 2016ko edizioan parte-hartzeko oinarriak plazaratu dituzte jada. 39. bilerako aldaketarik aipagarriena data aldaketa izango da. Izan ere, Euskal Zine Bilera
hilabete aurreratu dute: aurten
urriaren 16tik 23ra bitartean ospatuko da eta lanak aurkezteko epea
uztailaren 31n amaitzen da.
Data aldaketaren arrazoi nagusia euskarazko zinemagintzak daukan hitzordurik garrantzitsuenari bere lekua ematea dela jakitera eman du Lekeitioko Udalak. “Horrela, Euskal Zine Bilera Donostiako Zinemaldiaren (iraila) eta Zinebiren (azaroa) artean kokatuko da. Urria euskal zinemaldiaren erreferente bilakatuz”.
38. zine bileraren amaiera ekitaldia, sari banaketa. Argazkia: Josu Trueba Leiva/ Bostok Photo
Dataz aldatzen bada ere,
oinarri eta helburu berberak izaten jarraituko du jaialdiak. Alde batetik, euskarazko lan amateurrak saritu eta sortzaile berriei bidea egiten lagunduko diete. Bestalde, euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune izaten jarraituko du. Hori horrela, lehiaketak bi kategoria nagusi izango ditu, profesionalena eta amateurrena; eta urtero modura, parte hartzaile bakoitzak sailkatuko du bere lana batean edo bestean.
Kategoria bakoitzean Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dituzte, saririk preziatuena Film Onenaren Saria izango delarik.
Zuzendaritza:
- Profesionala: 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
- Amateurra: 1.000 euro eta Zilarrezko Antzarra.
Ekoizpena:
Gidoia:
- Profesionala: 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
- Amateurra: 1.000 euro eta Zilarrezko Antzarra.
Argazkia:
- Profesionala: 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.
- Amateurra: 1.000 euro eta Zilarrezko Antzarra.
Film Onena:
- Profesionala: 1.900 euro eta Urrezko Antzarra.
- Amateurra: 1.300 euro eta Urrezko Antzarra.
Sari horietaz gain, Euskal Zine Bilerak 500 euroko beste bi sari ere emango ditu: Gazte 22 Saria eta Antzar Morea. “Gazte 22 Sariaren bitartez 1994ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako euskal zinemagile gazteak bultzatu nahi dira eta bigarrenarekin, ostera, genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lana saritu”, zehaztu dute.
Izen ematea
Euskal Zine Bilerara aurkezteko, lehenengo
www.zinebilera.com orrialdean izen emate orria bete behar da. Datu guztiak bete eta inprimakia bidalitakoan lotura batek
Click For Festivals plataformara bideratzen du, bertan kontu bat sortu, fitxa bete eta pelikula (kalitate onean) igo behar da. Amaitzeko, lana Euskal Zine Bilerara igo beharko da.
Guztira, ez dtuzte 50 film baino gehiago onartuko lehiaketan. “Gehiago jasoko balira Aukeraketa Batzordeak azterketa eta hautaketa lanak egin beharko ditu, beti ere profesional eta amateurren arteko oreka mantentzen saiatuz”.
Lekeitioko Udalak antolatzen duen Euskal Zine Bilerak Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, BBK, Zineuskadi, Euskal Kalitatea eta Euskaltzaleen Topagunearen babesa eta laguntza izaten jarraituko duela nabarmendu dute.