Lekeitioko Udalak indarkeria matxista eta sexu erasoen biktimen arreta hobetzeko protokoloa onartuko du
Lekeitioko Udalak berdintasunean oinarritutako eta indarkeria matxistarik gabeko gizartearen aldeko konpromiso irmoa azpimarratu du. Hori dela eta, eguaztenean [martxoak 2] egingo den osoko bilkuran, Indarkeria matxista eta sexu erasoen biktima diren emakumeei arreta hobetzeko protokoloa onartuko dute. Osoko Bilkura 19:00etan izango da udaletxeko batzar aretoan.
Protokoloa, 2009.urtetik eragile ezberdinekin elkarlanean eraikitako zubia dela nabarmendu du udalak. Besteak beste, Emakumea eta Berdintasun Batzordea, Udaleko Gizarte Zerbitzuak, Lea Artibaiko Amankomunazgoa, Lekeitioko ikastetxeak, Osakidetza eta Ertzaintzaren artean garatu dute.
Udaleko alderdi politikoek bat egin dute protokoloaren inguruan Emakumea eta Berdintasun Batzordean adostutako adierazpenarekin, eta hori ere osoko bilkuran irakurriko dute.
“Protokoloak, indarkeria matxista gertatzen denean zer eta nola egin eta jarraitu beharreko prozedurak zehazten ditu. Irizpideak eragileen artean adostu dira emakumeei eta hauen seme alabei arretarik hobeena emateko eta baita eskumena daukaten zerbitzuetara modu egokian bideratzeko”.
Atalak
Udalak aurreratu duenez, protokoloan bereizten diren atalak hurrengoak dira: erakunde sinatzaileen adierazpena, printzipioak, baliabideak, esku hartzea eta koordinazioa, koordinaziorako egiturak, indarkeria matxista dela eta erailketa dagoen kasuetan jarduteko prozedura eta helbide eta telefono interesgarriak.
“Apirilean eta maiatzean protokoloa kudeatzeko mahai tekniko eta politikoa antolatuko da, bai eta urrian eta azaroan ere, urtean gutxienez bi bidar, batuko da-eta mahai bakoitza”, zehaztu dute.
Protokoloa herrira hurreratzeko eta zabaltzeko ere ekintza ezberdinak egingo direla ere jakitera eman dute, bilera informatiboak antolatuz Udal Batzorde ezberdinekin, Osasun Zentru eta Ikastetxeetako klaustro eta guraso elkarteekin besteak beste.
Horretaz gainera, herri ikastetxeetan, elkarteetan, emakume taldeetan eta herritarren artean, sentsibilizazio eta kontzientziazio ekimenak antolatzen jarraituko dute, eta udal langile eta politikariek genero ikuspegian formakuntza jasoko dutela azpimarratu dute.
“Protokoloa tresna bat da eskuhartzea izango duten erakundeen arteko koordinazioa efektiboa izan dadin, oraindik lan asko baitago egiteko Emakumeen kontrako indarkeriarekin bukatzeko”.