Nahia Quincoces Altuna eskiatzaile mendexarrak ezin izan du asteburuan jokatu den
Altitoy lasterketa amaitu. Izan ere, lasterketako lehen etapan erorikoa izan ostean, ezin zuen bigarren etapa jokatu. Mendexarrak nabarmendu duenez, goi mailako lasterketa batean min hartzen duen lehen aldia da.
Quincocesek nabarmendu duenez, lehen etapan
aldapa behera erori egin zen. “Jaitsiera batean, elur berria zegoen toki batean, irrist egin, eta erori egin nintzen. Tirakada bat sumatu nuen izter atzean, eta apur bat minez banegoen ere, kostata, eta Marta Ribas probako nire bikotekidearen animoei esker, aurrera jarraitzea erabaki nuen. Momentuan ez nuen min handirik, baina gero, hotzean, gauza seriogoa zela konturatu nintzen”.
Nahia Quincoces eskiatzaile mendexarra
Proba min hartuta egin bazuen ere, emaitza ezinhobea lortu zuten Quincocesek eta Ribasek. Hain zuzen ere, bosgarren postuan helmugaratu ziren.
Fisioterapeutaren iritziz,
izter atzeko giharretako zuntz haustura du Quincocesek. Antza denez, egun gutxian, hamar bat egunean, osatuko da eskiatzaile mendexarra. “Nire ustez,
Pierra Mentako lasterketarako ondo egongo naiz; hori espero dut, behintzat. Ea orain zer dioen medikuak”. Osatzeko denbora beharko duenez, hortaz, asteburuan jokatuko den Espainiako txapelketan ezingo du parte hartu eskiatzaile mendexarrak.