Eguraldiak lagundu ez badu ere, PERUrEKIN gobernuz kanpoko erakundearen bigarren eskuko azoka solidarioak jendea erakarri du zuen zapatu eguerdian [otsailak 27]. Udal Erakusketa Aretoan herritarrek emandako materiala saldu dute, prezio sinbolikoan, lortutako dirua, ostean, Perura (Hego Amerika) bidaltzeko. “Jendeari eskerrak eman nahi dizkiogu laguntza ematearren, bai saltzeko gauzak ekarri dituztenei, bai eta erostera datozenei “, esan du Idoia Fernandez PERUrEKIN elkarteko kideak.
Azoka solidarioa, Udal Erakusketa Aretoan
Elkarteko kideek aurreratu dutenez, orain arte,
859 euro batu dituzte, eta hurrengo egunei begira, 900-1000 euro inguru batzea lortzea dute helburu. “Azken egunotan azokara hurreratu zareten guztion eskuzabaltasuna eskertu nahiko genuke. Hemen batutakoagaz, hain zuzen ere, proiektu garrantzitsuak egingo dira eta”.
Limako San Juan de Luriganchon (Peru) barrutian abiarazi duten proiektu bat laguntzeko izango da egunotan Ondarroan lortzen den dirua; iaz, zehatz esanda, emakumeei zuzendutako egitasmo bat ipini zuten martxan, Peruko MISO gobernuz kanpoko erakundearekin lankidetzan: “Emakumeek jasaten duten indarkeria ari gara lantzen psikologo baten laguntzagaz, emakume horien bitartez, gero, ezagutza hori familietara zabaltzeko”. 6-7 hilabeteko egitasmoa izango dela azaldu du Fernandezek.
Elkarteko ordezkariek nabarmendu dutenez, gainera, emakumeei zuzendutako egitasmoa iaz elkarteak lagundu zuen proiekturik garrantzitsuena izan zen. “Gure aurrekontuaren zati handi bat bertan erabili dugu. Ahal dugun neurrian etorkizunean ere proiektu hau laguntzen jarraituko dugu, epe luzerako proiektua baita. Horrez gain, hezkuntza proiektua, soziala eta generoa kontutan hartzen duen proiektua ere bada, eta onurak jendartearen sektore garrantzitsu batera zabaltzen dira”.
Proiektua sortu zenez geroztik, indarkeria matxista eta tratu txarrak lantzeko amei zuzendutako tailer teoriko-praktikoak antolatu eta martxan jarri dira, eta horregaz batera, garapen pertsonalarekin erlazionatutako hainbat ekintza ere bau. Bertan eskaini diren tailerretan, besteak beste, 575 pertsonak parte hartu dute.
PERUrEKIN elkarteko kideak
Eguaztenera arte zabalik
Astelehenean [otsailak 22] zabaldu zuten azoka, eta materiala jasotzeaz batera, saldu ere egin dute aste barruan: “Jendeak ezagutzen gaitu, eta asteburuan gehiago saltzen bada ere, egon da aste barruan erostera etorri denik ere”.
Eguaztenera [martxoak 2] arte zabalik izango ditu ateak azokak, 19:00etatik 21:00etara. PERUrEKIN elkartekoek herritarrak gonbidatu nahi izan dituzte Udal Erakusketa Aretora joan daitezen.
Elkarteko kideek aurreratu dutenez, gainera, udaberrian beste azoka solidario bat antolatzeko asmoa dute. “Ahal dugun neurrian, ahalik eta gauza gehien antolatzen saiatzen gara”.