Telleria, Bastida, Orbea eta Arrate, beteranoen finalean
Lekeitioko beteranoen XI. Trinkete Txapelketako finalistak erabakita daude. Finalaurreko kanporaketa biak irabazita, Telleria eta Bastida eta Orbea eta Arrate ailegatu dira aurten final handira.Domeka goizean jokatu ziren bigarren kanporaketako partida...
Domeka goizean jokatu ziren bigarren kanporaketako partidak, eta aurtengo faboritoen kontra ezustekoa emateko puntuan egon ziren Moral eta Laka. Min hartuta zegoen Laka berriz ere itzuli zen lehiara eta Morali aginduak eman eta kantxa ondo babestuz, partida bere gain hartu zuen.
Telleriak ez zuen izan bere egunik hoberena eta hainbat bidar bidali zuen pilota txapara. Bastidak ere, ezin izan zuen Laka gainditu, eta naiz eta markagailuan aurretik joan, asko sufritu zuten amaieran, kanporaketa aurrera ateratzeko. «Moralek, konfidantza faltagatik agian, bi saketan huts egin zuen eta berdinketa hausteko partida jokatzearen pausu batera gelditu ziren bakarrik», zehaztu dute antolatzaileek.
Ikusleen animo eta oihuak ez ziren nahikoak izan ezustekoa emateko, eta 2014an moduan, Telleria mallabiarra eta Bastida debatarra final handian egongo dira Moral eta Lakari 30 eta 27 irabazita.
Orbea eta Arrate, tinko
Aurreko kanporaketako estrategia aldatuta, bazirudien, Jaunarenak eta Fosterrek, gerra emango zutela. Hasierako tantuetan agintzen hasi ziren gainera, nafarra eta lekeitiarra. Baina, beste behin ere, sendo eutsi zuten Orbeak eta Arratek, eta azkenean, garaipena euren aldera itzuli zen, nahiko erraz. «Orbea aste guztien gripeagaz egon ondoren zetorren, baina aurrean ez zuen hutsunerik utzi. Aireko defentsa onagaz eta sake luzeekin min asko egin zuen», nabarmendu dute antolatzaileek. Arrate, bestalde, eskumako aldean dejadak egiten ausartu zen, eta tanto politak lortu zituen.
Finalaurrekoak girotzen joateko, lagunarteko partida ere jokatu zen. Horrela, Beraza eta Etxebarria elgoibartarrak eta Astigarraga debarra eta Mendaroko Egaña neurtu ziren. Elgoibartarrak oso partida ona jokatu zuten, azken aurrekoetan ere egon zitezkeela erakutsiz. Beraza jaun eta jabe izan zen aurreko koadroetan eta Etxebarria aurrea zein atzea ondo zaintzen. Elgoibartarrek aukerarik ere ez zieten utzi Astigarraga eta Egañari.
XI. Txapelketa martxoaren 13an amaituko da final zirraragarriagaz. Datorren astean jakitera emango dute antolatzaileek programa eta ordutegia.