Udaletxeko ganbaran egingo dute tailerra.
Mendexa giroan izenburupean antolatu duten ikastaroa gazte eta nagusiei zuzenduta dago, eta bertan parte hartzeko asmoa duten herritarrek hilaren 31a bitartean daukate izena emateko aukera.
Udalak antolatu ez badu ere, udaletxean eman behar da izena, 94 684 21 06 edo 673 098 597 telefono zenbakietara deituta edo bertaratuta.
Jakitera eman dutenez, taldea edo taldeak osatzerakoan Lea Ibarreko bizilagunek izango dute lehentasuna. Horregatik, izena ematerakoan izen-abizenak eta adina zehazteagaz batera, bizilekua ere jartzea beharrezkoa da. Informazio dena honako helbide elektronikora bidaltzea eskatu dute:
arantza@mendexa.net.
Bestalde, derrigorra ez bada ere, informazioagaz batera umetako argazki bat bidaltzea nahi dute, sinaduragaz.
Ordenagailuen oinarrizko ezagutza izatea komeni dela adierazi dute. Ikastarora norberak eraman beharko du materiala: «Kamera digitala zein analogikoa izan daiteke». Bestalde, koadernoa, arkatza, borragoma eta arkatz markatzailea ere eraman behar dira.
Apiriletik maiatzera
Udaletxeko ganbaran egingo dute tailerra. Apiriletik maiatzera bitartean, astean hiru egunetan egingo dituzte saioak. Martitzenetan eta eguenetan 17:00etatik 19:00etara bilduko dira, eta zapatuetan, ostera, 16:00etan hasi eta 18:00etan amaituko dute saioa. “Ekainean geldialditxoa egin, eta asmoa da uztailetik urrira ere ikastaroagaz jarraitzea”, zehaztu dute.
Halaber, azaldu dutenez, ikastaroan parte hartzea librea izango da. Hau da, egun guztietan joan ezin dutenek ere izena eman dezakete, ez baita derrigorra saio guztietara joatea. Hala, doako egitasmoa izanik herritarrak ikastaroan parte hartzera animatu dituzte.