Arnaldo Otegiren omenezko ekitaldira joateko autobusak antolatu dituzte
Arnaldo Otegi atzo [martxoak 1] goizean utzi zuten libre, eta zapatuan [martxoak 5e] haren omenezko ekitaldia egingo dute Donostiako Belodromoan, 17:30ean. Hori dela eta, autobusak aterako dira Lea-Artibai eta Mutrikutik.
Ondarroakoa Zaldupetik aterako da, 15:30ean. Izena emateko Anaitasuna edo Kulixka tabernetara joan behar da. Aulesti eta Munitibarreko bizilagunek elkarrekin egingo dute bidaia. Munitibarretik aterako da autobusa, 15:30ean, eta handik Aulestira joango da, han daudenak batzeko. Bi herrietako tabernetan eman daiteke izena.
Lekeitioko autobusa, berriz, 16:00etan aterako da Mandaskatuk, eta Galarrenan eman behar da izena. Markina-Xemeingo autobusa ere 16:00etan aterako da, eta Txokoan eman behar da izena.
Mutrikuko autobusa, aldiz, 16:15ean aterako da, Goiko biribilgunetik, eta Zubixa herriko tabernan eman daiteke izena.
Ekitaldiak zaintzapean
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok baztertu egin du Arnaldo Otegiri egitekoak diren omenaldiak debekatzea, baina Espainiako Segurtasun Indarrei agindu die zain ditzatela ekitaldi horiek, baita zapatuan Donostian egingo dutena ere.
Atzo goizean LogroƱoko kartzelaren atarian ere oholtza gainera igo zen Arnaldo Otegi. Han bildu ziren lagun, senide, herrikide eta hainbat komunikabideren aurrean egin zituen kartzela utzi osteko lehen adierazpenak. Bertan, eskerrak eman zizkien “probokazioetan erori gabe” bakearen aldeko apustua sostengatu dutenei. Otegi seigarren aldiz atera zen atzo kartzela batetik. 2009ko urrian atxilotu zuten azkenengoz, Bateragune auzia ekarri zuen sarekadan.